Badator 2022ko Enpresarean Azoka

Enpresarean.png

“Etorkizuneko lan munduari begirada partekatua. Pertsonen ongizatea eta industria adimenduna aztergai”. Horixe izango da aurtengo azokan hizpide izango dugun gaia. Ezegonkortasun eta eraldaketa garai honetan lan munduan abiatu diren estrategia, adibideak eta ikasitakoak partekatuko ditugu. Azaroaren 3an izango da azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dugu.

Eraldaketa garaia

Garai aldakorra bizi dugu. Ezegonkortasuna dago, oro har, gure egunerokoan, enpresetan eta merkatu globalean. Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen ez da sekula erraza izan, baina gero eta zailagoa dirudi ezegonkortasun egoera honetan. Globalizazioa, digitalizazioa, klima aldaketa, gizarte egituren aldaketa… Dena ari da aldatzen, eta eraldaketa horrek lan munduari ere eragiten dio, ezinbestean. 

Aurtengo Enpresarean Azokan, euskal profesionalekin eta enpresekin batera, etorkizunera begira jarri nahi dugu, ezegonkortasun eta eraldaketa egoera honen aurrean abiatu diren estrategiak, adibideak eta ikasitakoak partekatzeko asmoz. 

Instituzioetatik zein enpresetatik eraldaketa garai honen eta etorkizunean etorriko denaren inguruko hausnarketak egin eta neurriak hartzen ari dira. Zentzu honetan, digitalizazioak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina ezegonkortasun garai honetan pertsonen ongizatea ere jarri nahi dugu erdigunean. Zein da gai honen inguruan euskal enpresen estrategia? Nola uztartu pertsonen ongizatea eta garapen ekonomikoa? Zein aurrerapen daude industria adimendunean? Nola eragingo dute pertsonen ongizatean?

Izen-ematea, irailean

Hizlari eta parte-hartzaile guztiak lotzen ari gara orain. Irailean zabalduko ditugu ekitaldiaren egitaraua eta izena emateko formularioa. 

Enpresarean Azoka Bai Euskarari Elkarteak sustaturiko Enpresarean proiektuaren ardatz bat da. Egitasmoaren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea. 

Hona hemen azken edizioko bideo-laburpena:


 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment