XABIER MENDIGUREN: “Sari hau talde-sari bezala ikusten dut”

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusi ohiak Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso zuen euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik herenegun Donostiako Victoria Eugenian egindako ekitaldian. Urteetako ibilbidea publikoki aitortu nahi izan zion Ziurtagiriaren Elkarteak. Saria jaso berritan berarekin egoteko aukera izan dugu.

- Bai Euskarari Laguna saria eman dizu Ziurtagiriaren Elkarteak. Nola jaso duzu?

Harriturik eta pozik. Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaitu, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin, beste hainbestek egin duten modura, bakoitza bere sailean. Baina pozik onartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea.

- Eta zein oroitzapen ekarri dizkizu?

Oroitzapen askotarikoak, alde batetik hainbat urtetan egindako lan, bilera bidaia eta jendearekiko harremanak gogoratzea, eta bestetik guztiengandik zenbat bizipen aberasgarri jaso ditudan. Nire bizitzaren parte handi bat eratu du Ziurtagiarren Elkartearen aurreko eta ondorengo aldiak. Itxaropen eta ilusio handiarekin beti lan egin izan dugu Rober Gutiérrez zuzendariarekin harreman estuan. Zinez estimatzekoa eta eskertzekoa da Roberrek hasieratik proiektuarekiko erakutsi duen atxikimendu suharra.

- Espero zenuen?

-Esan dut, ez nuen espero, baina ulertzen dut norbaitek edo norbaitzuek nire ibilbidea kontuan izana.

- Zer esan nahi du sari honek zuretzat? Erantzukizun berezirik eskatuko dizu?

Sari hori bizitzako epe batean egin dudan lanaren aitortza bezala ikusten dut, baina ez nire gauza pertsonal bat bezala; baizik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko proiektu zabalaren barruko zerbait bezala. Euskararen aldeko lan gehienak talde-lan partekatuak izan dira nire bizitzan eta horregatik sari hau edo antzeko beste edozein sari talde-sari bezala ikusten ditut.

- Euskalgintzan euskararen normalizaziorako egin duzun lan osoa errekonozitzen duela uste duzu?

Ez dakit hainbesteraino den, zeren urte askotan gauza oso desberdinak eta askotarikoak egin baititut, baina egia da, nire bizitza continuum bat izan da euskarari dagokionez eta nekez uler daiteke edozein urrats haren aurrekoa kontuan izan gabe.

- Zer egingo duzu sariarekin. Etxean jarriko duzu?

Sariak, estimatzen direnak, agerian jartzen dira, argia kriseiluan bezala, norberarentzat ez ezik eman duenaren ekintza hori besteei jakinaraziz eta aintzat hartzen dela adierazteko. Beti ez da erraza izaten leku egokia aurkitzea baina saiatuko naiz.

- Nori emango zenioke hurrengo Bai Euskarari Laguna saria?

Galdera zaila da bat-batena erantzuteko. Ziurtagiriaren Elkarteak gero eta ikuspegi zabalagoa izango du ibilbideaz eta bidelagunez eta uste dut gehingoaren adostasunez aukeratu beharko luketela saria hartzeko hautagaia. Nik uste, hainbat laguntzaile dituelarik hainbeste urtetan zehar eginak ez da zaila izango saria merezi duena aurkitzea.

- Zer iruditu zaizu Bai Euskarari Ziurtagiriak urte hauetan izan duen bilakaera?

Bilakaera interesgarria, baina nire ustez emaitza oraindik hobeak lortu beharko zituzkeen indarrak batzea lortu izan bagenu. Lan handia egin da eta emaitzak hor daude, oso estimagarriak Euskal Herri osoan zehar, baina oraindik falta dena area handiagoa da eta Bai Euskarari ziurtagiria esponentzialki hedatzea lortu beharko genuke. Espero dut Bai Euskarari-ren Ziurtagiriaren Elkartearen egiteko garrantzitsua ulertzea, estimatzea eta laguntzea euskararen alde dagoen gizarteak ez ezik, bai eta Euskal Herriko instituzio bakoitzak ere, euskara zabaltzearen alde egiazki badaude behintzat.

- Aurrera begira, zeintzuk dira zure ustez BEZek izan beharko lituzkeen erronkak?

Bidea aski ongi markatua duela uste dut, eta gero eta indar gehiago eta desberdinagoak metatzen saiatu behar duela, arestian esan dudan bidetik. Euskalgintza osoaren lana izan beharko luke Ziurtagiria banatzea, azken batean euskalgintza osoari komeni baitzaio esparru sozioekonomikoan eta herrialde osoan euskara indartzea eta hedatzea.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment