Patxi Ormazabal: "Utopietan sinesten dut"

Ziurtagiriaren Elkartearen sortze-batzarrean izan zen Patxi Ormazabal eta bere hasieran zuzendaritzan parte hartu zuen. Utopietan sinesten du Ormazabalek, egungo Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak,edozein esparrutan hobetzeko utopiak beharrezkoak direla uste baitu: "gizarte justu eta idezkoagoa lortzea da nire utopia, eta zinez diot, kooperatibismoa helburu hori lortzeko lagungarria izan daitekeela".

Konfekoop-en federatutako kooperatiben egoera nolakoa da gaur egun?

Euskal Kooperatibismoaren osasuna nahiko ona da, eta 2010ean ia 100 kooperatiba berri sortu dira, krisia gorabehera. Egia da kooperatiba handiak direla, baina kooperatiba-ereduak oraindik ere funtzionatzen duela ematen du, economía ondo doanean zein krisi garaietan balio duen eredua dela ematen du. "Kooperatibak sortzea" helburu duen ELKAR-LAN kooperatiba, kooperatiba berriak sortzeko lan handia egiten ari da, bai eta beste sozietate mota batzuk kooperatiba-sozietate bihurtzeko eskaintzen duen aholkularitza eta laguntzaren esparruan ere. Familien sozietateak, erlijio-ordenen ikastetxeak eta beste mota batzuetako enpresa askok eta askok, aurrera jarraitzeko, kooperatiba bihurtzearen aldeko hautua egin dute; aukera ona iruditzen zaigu hori, eta laguntza ematen jarraituko dugu.

Krisia nolako eragina ari da izaten?

Beste sozietate mota batzuetan bezalakoa, ez gehiago eta ez gutxiago. Gure enpresak "krisian dagoen mundu" batean daude eta ezin diogu horri ihes egin. Egia da kooperatiba askoren ekoizpen gehiena esportatu egiten dela, eta kontuan hartuta beste merkatu batzuk hobeto daudela, horiei hobeto doakie, edo "ez horren gaizki". Nolanahi ere, frogatuta dago (eta ez EAEn soilik) kooperatiben ereduak krisiaren eraginak "arintzeko" zenbait mekanismo badituela: barne-elkartasuna, elkarlankidetza, "nirea ere baden" proiektu baten parte izatearen sentimendua, lan-egutegi malguak ezartzeko prestutasuna, ezohiko ekarpenak, lansari- urrerakinen murrizpena zenbait kooperatibatan, etab.

Kooperatibak euskal ekonomian eta gizartean izan duen eragina izugarria da. Askok diote kooperatibismoaren balioak krisian daudela. Horrela da?

Alde batetik, egia da gure herriko kooperatibak euskal gizartean eragin handia daukan errealitatea direla, hala tamainagatik nola kooperatiben aniztasunagatik. Jende askok ez dakien arren, ezin ahaztu dezakegu gure kooperatibak eta beren produktuak gure inguruko magma sozioekonomikoan nonahi daudela. Zenbait iturriren arabera, 400.000 lagunetik gora dira euskal kooperatibismoarekin nolabaiteko harreman zuzena daukatenak: enpresak, irakaskuntza, nekazaritzako elikagaien sektorea, garraioak, zerbitzuak, kontsumoa, bankuak, etab. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak hartuko bagenitu, eta aintzat hartuta harreman hori handiagoa litzatekeela gure kooperatibetan ekoitzitako produktuen kontsumoaz ere ariko bagina, euskal kooperatibismoak euskal gizartean daukan eragina oso garrantzitsua dela esan dezakegu, hainbat harreman-maila daudela ahaztu gabe. Bigarren gaiari dagokionez, "kooperatiben balioen galeraren" kontu hori... gizartean hainbat balio galtzen ari garela eta balio horiek kooperatiben filosofiarekin lotuta daudela aintzat hartuta, gure balore batzuk ere "ahultzen" ari dira... baina ni ez naiz oso ezkorra esparru horretan. Elkartasuna, aberastasunaren bidezko banaketa, berdintasuna eta gisako balioak geroz eta presenteago egongo diren balioak dira, batez ere krisiaren zenbait ondorio positibok bide horretatik eramango gaituztelakoan bainago.

Gure gizartean kooperatibek izan duten garrantzia ukaezina da, baina nolakoa izan dute nazioartean?

Munduan kooperatiben errealitatea oso anitza da eta oso sakabanatuta dago. Gu Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren bidez aritzen gara munduko elkartegintzaren esparruan. Elkarte horretan mundu osoko kooperatibak daude, eta bere garrantziaz ohartu zaitezen esango dizut, mundu osoko 900 milioitik gora kooperatibista ordezkatzen dituela. Dena den, seguruenik, euskal kooperatiben eredua munduko garatuena da, bere gizarte-ezarpenagatik, tamainarengatik, hainbat sektoretan daukan presentziagatik, etab. Askotan nazioarteko foroetara gonbidatzen gaituzte "Mondragón eredua" edo "euskal kooperatibismoaren eredua" azaldu dezagun, eta asko eta asko dira mundu osotik bisitan etortzen zaizkigunak, toki bakoitzean beharrezkoak diren egokitzapenak eginda, eredua "kopiatu" daitekeen ikustera.

Enpresan berrikuntza behar dela azpimarratu izan duzu behin baino gehiagotan, bai alderdi ekonomikoari dagokionez eta baita sozialari dagokionez ere. Azaldu dezakezu?

Berrikuntza eta ikerkuntza askotan nahastu egiten direla ematen du. Nire ustez, biak ala biak beharrezkoak badira ere, bakoitzak bere bidea dauka. Berrikuntza aldaketaren aldeko jarrera positiboa da. Inguratzen gaituen mundua begi kritikoz behatu eta hobetzeko jarrera harraraziko digun aldaketa cultúrala behar dugu. Aldaketa hori, hobekuntza hori, gizartearen esparru guztietan gertatu daiteke: enpresen munduan (produktuak, antolatzeko eta harremanak izateko moduak), gizarte-arloan, kulturan, etab. Berrikuntzarako gaitasuna izango da etorkizuneko gizarte arrakastatsuen ezaugarri nagusietako bat, eta hori da guk jorratu behar dugun bidea.

Nola berritu daiteke gaur egun enpresetan?

Enpresa osatzen duten guztiei parte hartzeko aukera ematea da berrikuntzaren gakoetako bat. Langileei parte hartzen utzi eta euren ezagutzak eta hausnarketak plazaratzeko eskatu dietenean ekin diote hainbat eta hainbat enpresak berrikuntzaren bideari. Zenbaitetan produktu edo prozesu batzuk hobetu dira, eta inoiz ekarpen horietan oinarrituriko enpresa berriak sortu dira. Horregatik, "berrikuntza-prozesuak" ezartzearekin ez da nahikoa. Berrikuntzaren kultura sortu behar da.

Langileen parte-hartzeaz edota gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunaz ere hitz egin ohi duzu. Zer garrantzia du horrek enpresaren funtzionamendurako?

Gure kooperatiben esparruan bi alderdi horiek berebiziko garrantzia daukate. Lehentasuna dira guretzat, eta kooperatibismoaren nortasun-ikurretako batzuk dira. Bazkide guztiek enpresaren jabetzan berdintasunez parte hartzea; bazkideak erantzukizunez enpresaren kudeaketan inplikatzea; sexu, etnia edo bestelako arrazoiengatik diskriminaziorik ez ematea... kooperatiben ADNaren berezko ezaugarrietako batzuk dira. Gure Konfederazioaren barruko kooperatibetako pertsonak, laneko bazkideak, bi zati ia berdinetan banatuta daude: sexu bakoitzeko % 50. Bestalde, egia ere bada, eta ez dut ezkutatzeko batere asmorik, gure kooperatibetako ardura-postuetan banaketa horren portzentajea ez dela berdina. Emakumeen eta gizonen "hautatzeko eta hautatuak izateko" eskubidea berdina bada ere, ardura-postuetara iristen diren emakumeen kopurua gizonena baino nabarmen txikiagoa da. Hori zuzentzeko ahalegin betean ari gara, baina kooperatibetan ere konpontzeke dagoen arazoa da.

Kooperatiba mugimenduaren barnean zein toki dauka euskarak?

Bere ingurunearekin dauzkan konpromisoak dira Euskal Kooperatiben Mugimenduaren beste nortasun-ikurretako bat, gurea den guztiarekin dauzkagun konpromiso zabal eta arduratsuak. Konpromiso horien artean, euskararekin daukagunak berebiziko garrantzia du. Gurean ez gara oso urruti joan behar konpromiso horren hainbat adibide ikusteko: euskararen sustapenari emandako laguntza, euskara irakastea xede duten kooperatiba-enpresak, kooperatiba diren ikastolak, geure enpresetan euskara sustatzeko egiten den lana, etab. Horrez gain, duela aste batzuk KONFEKOOPek "Lazarraga" saria jaso zuen, bere agiri guztietan Euskara erabiltzeagatik. Bide horretan jarraitzeko eta euskararen erabilera hobetzeko (gure bazkide diren enpresekin ditugun harremanetan, barne-dokumentazioan...) animoak ematen dizkigun saria da. Bai Euskarari Ziurtagira "Zerbitzua euskaraz" maila ere badugu.

Euskarak zer ematen die kooperatibei? Eta kooperatibismoak zer euskarari?

Euskarak zer ematen digun? Kooperatiben mundua osatzen dugun eragileen artean eta gure harreman-sareko eragileekin komunikatzeko tresna bat da. Barne-mailan ere, kooperatibek komunikazio-bide bat eskaintzen dute, euskara erabiltzen duten pertsonei laguntzen diete, eta zenbait kasutan barne-agiri eta komunikazioan euskararen erabilera eskatzen dute. Gure hizkuntza ikasteko aukerak eta laguntzak eman, esparru guztietan euskara erabiltzeko aukerak eskaini, eta bere erabilera bultzatzen dugu. Horrez gain, onartu berri den Euskadiko Kooperatiba Txikiaren 6/2008 Legean, "kooperatiben sustapenari eta hezkuntzari laguntzea" helburu duen funtsa sortu da geure ekimenez. Funts hori kooperatiben urteko emaitzen %10arekin hornitzen da, eta "euskararen erabilera sustatzea" da bere helburuetako bat.

Krisiak eragiten al dio kooperatibismoaren barnean euskarari?

Nik dakidala ez. Ez dut ezagutzen krisiak kaltetu duen euskalduntze planik gure kooperatibetan.

Utopietan sinesten duzu? Zein da zurea?

Bai, utopietan sinesten dut. Oso pertsona baikorra naiz, eta horretarako ezinbestekoa da utopietan sinestea, batzuk beste batzuk baino lorgarriagoak badira ere. Gizartearen esparruan, gizarte justu eta bidezkoagoa lortzea da nire utopia, eta zinez diot, kooperatibismoa helburu hori lortzeko lagungarri izan daitekeela, eta egunero utopia hori gauzatzea lortzen duela. Politikaren esparruan, edo geopolitikan zehatzagoa izateko, herrien askatasuna da nire utopia: herri bat ez dadin beste baten mende egon, herri batek ez dezan beste bat azpian hartu, eta herri bakoitzak bere oraina eta bere etorkizuna erabakitzeko askatasuna izan dezan, beste herriekiko harremanak galdu gabe, baina askatasunez. Eta utopia horren barruan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dut gure herriarentzat.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment