Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztuko da abenduaren 17an

KARTELA_ONA.jpg

Europa osotik 400 ekarpenetik gora bildu ondoren, Kontseiluak publiko egingo du Donostiako Protokoloa Kursaal-ean

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea Donostiako Protokoloaren lehen sinatzaileen artean egongo da.

 

Abenduaren 17an, larunbatean, goizeko 11:30ean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta DSS2016EUk hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren ondorioak aurkeztuko dituzte Kursaal jauregiko Ganbara Aretoan. Doaneko sarrerak abenduaren 11 arte eskuragarri egongo dira www.protokoloa.eus atarian.

Protokolo honen helburua da, prozesu parte hartzaile baten bidez, hizkuntza berdintasunaren alde eta hizkuntza gutxituen garapenean aurrera egiteko tresna bilakatzea; hori horrela izanik, herritar guztien eskubideak bermatuak egon daitezen hartu beharreko neurriak jasotzen ditu txostenak.
 
Donostiako protokoloa Bartzelonako deklarazioa hartu du oinarritzat; 1996ko Hizkuntza Euskubideen Deklarazio Unibertsala hizkuntza eskubideen defentsan gizarte zibilak egindako ekarpenak. Marko horretatik abiaturik, hogei urte geroago, urrats berriak eman nahi dira esku artean dugun protokoloarekin.
 
Dokumentuak Euskal Herriko eta Europako gizarte eragileen 400 proposamen baino gehiagorekin garatu da eta 17 adituk osaturiko Batzorde Zientzifiko baten aholkularitzapean bideratu da. 180 neurri inguru aurkeztuko ditu txostenak eta horien adierazleak ere zehaztuko dira.
 
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak ere ekarpenak egin ditu, hizkuntzaren berdintasuna eta normalizazioa bermatzeko jarraibideak definituz arlo sozioekonomikorako. Ziurtagiriaren Elkartea Donostiako Protokoloaren lehen sinatzaileen artean egongo da.
 
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, pozik agertu da protokoloaren prozesu eta emaitzarekin. Bilbaok nabarmendu du “etorkizunari begirako tresna eragingarria” izango dela Donostiako Protokoloa eta “aurrerantzean nazioarteko erreferentzia izateko sortu eta DSS2016EU legatuaren parte” izango dela nabarmendu dute.
 
Protokoloa nazioarteko gobernuz kanpoko sei erakudeen laguntzaz antolatu da: UNPO, LINGUAPAX, PEN International, ELEN, CIEMEN eta ECMI.
 
Abenduaren 17ko aurkezpenerako sarrera dohainik eskuratzeko, abenduaren 11 baino lehen asistentzia baieztatu beharko da  www.protokoloa.eus atariaren bidez, gonbidapenak@protokoloa.eus helbidera idatziz edota 943591200 telefonora deituz.
 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin