#GasteizEuskarazBizi dekalogoa aurkeztu da

Gasteizko jaiak euskaraz goza ditzagun 10 gomendio

EuskaraBizi_dekalogoa_atzetik.jpg

Uztailaren 29an, larunbatean, Gasteizko jaiei begira, #GasteizEuskarazBizi dekalogoa aurkeztu zuten Gasteizko euskalgintzako erakundeek. Rober Gutierrez-ek, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen arduradunak, hartu zuen hitza eta "euskaraz guneak eta uneak sortu eta partekatzeko" nahia azpimarratu zuen, "elkarrekin euskaraz bizitzeko" ahalegina, alegia.

Honako hauek dira dekalogo honetan parte harturiko eragileak: Bertsozale elkartea, GEU elkartea, Lazarraga Kultur Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, IKA, Neska eta Blusen Batzordea eta kuadrila guztiak, Txosnen Batzordea, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea bera.

Horien helburua da euskara plazaratzea, partekatu, gozatu eta erabiltzea. 

 

 

 

Hona hemen egunean bertan zabalduriko mezua:

Gasteizko jaien atarian, Gasteizko euskalgintzako gizarte erakundeen ekimenez, eta beste hainbat eragile eta erakunderen babesarekin, Gasteiz Euskaraz Bizi dekalogoa aurkeztu dugu gaurkoan.

Gero eta gehiago gara Gasteizen euskaraz bizi nahi dugunok; espazio guztietan euskaraz aritu: familian, seme-alabekin, lagunartean, lanean, erosketak egiten ditugunean, sare sozialetan... Elkarrekin hizkuntza partekatuz, gozatuz eta erabiliz. Era berean, euskaraz eredu izan behar dugu; jendaurreko agerpen publikoetan euskarari lehentasuna emanez, hizkuntza paisaian euskarari dagokion lekua eskainiz, baita etorri berriei zein ikasten ari direnei euskaraz egiteko aukera erraztuz ere. Euskaraz guneak eta uneak sortu eta partekatu nahi ditugu; elkarrekin euskaraz bizi, horixe da gure nahia, Gasteizko jaietan eta urte osoan zehar.

Gasteizko jaiak parada ezin hobea da euskaraz bizitzeko; euskarak eta jaiek, biak uztartuta, gozatzeko aukera ematen baitute. Horiek horrela, Gasteizko jaietan hasita, eta urte osora begira, honako dekalogoa proposatzen dugu. Gasteizko euskalgintzako gizarte eragileen ekimenez sorturiko dekalogo honekin bat egiten dugun entitate eta norbanakook dei egiten dizuegu jaietan parte hartzen duzuen guztioi zeuen egin dezazuen #GasteizEuskarazBizi dekalogoa.

 

  1. EGIN – Edonoiz, edonon, edonorekin... Euskaraz ekin!

  2. AHALDUNDU – Irten armairutik, egin euskararen jabe!

  3. ERAGIN – Izan nahia, euskararen lehengaia

  4. ERABILI – Hidratatu zaitez... Edan euskararen iturritik!

  5. PLAZARATU – Ibaia itsasora, euskara plazara

  6. GOZATU – Egin kosk zure zatiari. Ez geratu puskarik gabe

  7. PARTEKATU – Partekatu gure aterkia #GasteizEuskarazBizi

  8. MURGILDU – Busti, murgildu eta gozatu euskararen uretan

  9. SORTU – Jarri zure pieza Gasteiz euskaldunari!

  10. ALDARRIKATU – Euskaraz bizitzera goaz! Bazatoz?

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin