"Euskara lan munduan txertatzeko sistema egituratu behar dugu"

Languages Lanean kongresua

languages-lanean.jpg

Bai Euskarari Elkarteko lan-taldea Languages Lanean kongresuan izan zen, hizkuntzen kudeaketaz ikasi eta hausnartzeko. Goizean zehar hitzaldi interesgarriak entzun ziren eta nabarmendu zen ideia nagusietakoa izan zen hizkuntza politikak ezarri behar direla enpresetan eta hizkuntzak kudeatu behar direla.

Arratsaldean, 'Hizkuntza kudeaketarako baliabideak' izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen Rober Gutiérrezek Bai Euskarari Elkartearen ordezkari gisa. Bai Euskarari Elkartearen baliabide eta proiektuen inguruan eta haiek sortzeko motibazioaz aritu zen. Nabarmendu zuen ziurtagiridunen eskaeretatik abiatuta sortu direla proiektu asko eta enpresei entzun eta erantzun egin behar zaiela. Horrez gain, beste hiru ideia hauek azaldu zituen:

  1. "Lan munduan euskarak egin duen ibilbidea gizarte ekimeneko bultzadari esker egin da, neurri batean. Bai Euskarari akordioaren garaian hasi zen ekarpena gure kasuan, plan estrategikoa, ziurtagiria eta hortik ateratako proiektu guztiekin. Administrazioak eman dituen urrats asko izan dira enpresek eta gizarteak eragin dutelako. "

  1. "Lan munduan parte hartzen duten aktore guztiak ondo artikulatuko dituen sistema egituratu behar dugu. Administrazioak euskara sustatzearekin batera arautu ere egin behar du. Enpresek arduraz erantzun beharko liekete langile, bezero eta gizartearen eskakizunei. Langile eta kontsumitzaileek ere eragin beharko lukete enpresek eta administrazioak konpromisoak har ditzaten. Eta Euskal Herri osoa aintzat hartu beharko litzateke."

  1. "Bai Euskarari Elkarteak egin duen ibilbideari aitortza egin dio Eusko Jaurlaritzak eta harrotasunez jasotzen dugu hori. Horrekin batera, Bai Euskarari Ziurtagiriak bere lekua izan beharko luke euskararen zertifikazio sisteman, erakutsi baitu eraginkorra dela enpresetan euskara sustatzeko eta kudeatzeko."

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin