'Nik zientzialari izan nahi dut' spotak jaso du Gazteen saria Euspot Lehiaketan

Gazteen_saria.jpg

Euspot lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egin zen ekainaren 15ean, Aretxabaletan. Bai Euskarari Elkarteak Gazteen saria eman zuen: 'Nik zientzialari izan nahi dut' spotak jaso zuen sari hori, Donostiako Rocio eta Eliana Sanchezek, Maialen Mendezek, Naroa Garmendiak, Nagore Arteagak eta Eneko Arozenak sortutakoak. Zorionak!

Rober Gutiérrezek eman zuen saria, eta hitzaldian esan zuenez, Euspoten bidez "sormena euskaraz bultzatzen eta ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera sustatzen da". Era berean, azpimarratu zuen "funtsezkoa" dela euskara gure pantailetan egotea, eta ikus-entzunezkoen industrian, zientzia, teknologia eta berrikuntza arloan euskara langai bezala izatea. Gazteek euskaraz sortzeko eta euskaraz bizitzeko egiten duten ahalegina ez dela gutxietsi behar esan zuen eta gehitu zuen: "Baliabideak jarri behar ditugu gazteek lan mundura salto egiten dutenean ere euskara izan dadin eroso baliatuko duten hizkuntza".

Parte-hartze historikoa

Aurtengo edizioan parte-hartzea historikoa izan da: guztira 149 lan aurkeztu dira, iaz baino 54 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 39 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 110 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Lehiaketako sari nagusia “Ez dira debalde” spotak irabazi du. Hemen dituzue saridun guztien spotak eta ekitaldiko argazkiak:

https://euspot.eus/euspot-lehiaketako-sari-nagusia-ez-dira-debalde-spotak-irabazi-du/

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2001 urtean. Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola dira antolatzaileak eta aurtengo edizioak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 izan da babesle nagusi. Bai Euskarari Elkartea eta Music Library izan dira laguntzaileak.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin