Mundu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraiki nahian

mundu-bidezkoagoa.png

Enpresarean azokaren bosgarren edizioaren atarian gaude. 2010ean hasi ginen proiektuan lehendabiziko urratsak ematen, alor sozioekonomikoaren beste espazio bat euskaraz betetzeko eragiten. Profesional euskaldunen eta euskara aintzat hartzen eta baliatzen duten enpresen beharrei erantzuteko baliabide bat eratu nahi genuen, elkar ezagutzeko, hitz egiteko, eztabaidatzeko, elkarlana sustatzeko eta proiektuak partekatzeko gune bat, profesional eta enpresa hauen beharrei erantzungo diena, euskaraz.

Foroak, jardunaldiak, Enpresarean TBren zuzeneko emanaldiak eta azokaren lau edizio antolatu ditugu orain arte. Enpresen etorkizuneko erronkez, finantzazioaz, ekintzailetzaz, krisialdiari aurre egiteko formulez, pertsonez, digitalizazioaz eta transformazioaren etorkizuneko erronkez aritu gara, besteak beste.

Aurtengo edizioaren gaia, Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Euskaragileak enpresa batzordearen proposamen batetik sortu zen. Euskararen normalizazioan aurreratuta dauden enpresek osatzen dute Euskaragileak batzordea: Cikautxo, Batz,Danobat Group, Eika, Elay, Elkar, Fagor Taldea, Goizper Group, IMH, Irizar, Mondragon Korporazioa, MU eta Orkli. Enpresa hauen iritziz, administrazioak eta enpresak “Garapen Iraunkorrerako Helburuak” (GIH) lantzen hasi dira, Nazio Batuen Erakundeak abian duen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren baitan.

Marko horrek 17 helburu definitu ditu, mundua hobetzeko, baina hizkuntza aniztasuna ez da modu esplizituan aipatzen. Hala ere, hor dago nolabait… Gure ustez, berezko lekua eskaini beharko litzaioke hizkuntzari GIHen artean eta olatua baliatu beharko genuke lanketa eta proposamen bat egiteko, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte-erantzukizunaren parte baita.

Enpresareanen aurtengo edizioa, gainera, urte xelebre batean dator. COVID 19ak erabat baldintzatu ditu gure egunerokoa eta enpresen jarduna hilabete hauetan, eta esperimentatzera bideratu gaitu. Testuinguru horretan, asko ari gara hitz egiten etorkizunerako baldintza egokiagoak eraikitzeaz, tokikoari garrantzia emateaz, bertatik eraikitzeaz, elkarrekin eraikitzeaz… Geroa elkarrekin eraiki behar dugu eta euskaratik eraikitzeko, aldaketak egiteko eta eragiteko baliatu behar dugu egoera hau. Gure ongizatea eta lurraldearen garapena hizkuntzekin ere lotu behar dira, euskara baita gure ongizaterako giltzarri nagusietako bat.

Enpresarean Azokak horren guztiaren inguruko hausnarketa egiteko plaza eskainiko du; euskaratik eta euskaraz, mundu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraiki nahian.

Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin