Lazarraga Sarien bosgarren edizioa aurkeztu dugu Arabako Foru Aldundiarekin batera

lazarragasariak-2.jpg

Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitateak edota pertsonak saritzea da xedea. Sari-banaketa azaroaren 8an egingo da Artium museoan eta hautagaiak aurkezteko epea urriaren 18an amaitzen da.

 

Lan munduarekin eta euskararekin lotutako Lazarraga Sariak aurkeztu dituzte Igone Martinez de Lunak, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Rober Gutiérrezek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak. Hain zuzen, Lazarraga Sarien bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundian egin duten prentsaren aurreko agerraldian.

Lazarraga Sarien helburu nagusia da Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea.

Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten Lazarraga Sariak ere aitzindariak dira eta sarituko diren enpresak ere aitzindariak izango dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak.

Lazarraga Sariak Lanabes

Igone Martinez de Lunak, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu du “gizartearen %48,2 euskaraz ulertzeko gai baldin bada, Araban eman den abantzua handia dela ezin ukatuko dugu. Belaunaldi berriak, eskola prozesua euskaraz egiteko gai izan badira, arlo sozioekonomikora jauzi egitean bitartekoak eta baliabideak eskaini beharko ditugu. Horretan ari gara. Lanbide Heziketako eragileekin harremanetan gara. Arabako Foru Aldundia sustatzaile nagusia da Lanabes, Araban Euskara Lanean ekimenean eta, izaten jarraituko du, Araban arlo sozioekonomikoan euskarak etorkizuna izatea beharrezkoa da eta”.  Lan munduan bide beretik jarraitu behar dela gaineratu du, “eta horretarako behar-beharrezkoa da lan-mundua gazteen hizkuntza errealitatera egokitzea eta euskaraz aritzeko aukerak eskaintzea”.

Rober Gutiérrezek Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, bere aldetik, Lazarraga Sariek Arabako arlo-sozioekonomikoan “euskalduntzean eragiten dutela” azpimarratu du. Badira jada 10 urte, Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Elkartea elkarlanean ari direla, eta hori pozgarria da. Areago, LANABES, Araban Euskara Lanean ekimena abiatu denetik.

Hori dela eta, “oso apropos” ikusten du euren lan-eremua euskalduntzeko lan egiten duten Arabako entitate, enpresa edo norbanakoei “euskararen normalizazioan egiten duten lana errekonozitzea”.

Epaimahaia LANABES, Araban euskara lanean ekimeneko kideek osatuko dute, Arabako lurralde historikoan edo Trebiñuko Konderrian euskarak eremu sozioekonomikoan duen presentzian eragin eta handitzearen alde egindako lana baloratuko dute. 

Bost saritu

2018ko sariketan bost sari dira, erakunde zein nobanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko honako irizpideak hartuko dira kontutan:

  • Zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko.
  • Zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.

Era berean, ezarritako beste neurri edo baliabide batzuk ere kontua hartuko dira, hala nola:

  • Euskaraz lan egiteko baliabideak.
  • Kontratazioak.
  • Barne agiriak.
  • Kanpo komunikazioa.
  • Hizkuntza paisaia.
  • Produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak.
  • Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan.
  • Formazioa euskaraz eskaintzea.
  • Euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean.
  • Erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera.
  • Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.

Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 8an izango da Artium museoan.

Hautagaitzak, urriaren 18a arte

Momentu honetan hautagaiak aurkezteko prozesua zabalik da urriaren 18a arte. Lan mundua eta euskararekin zerikusia duten alorretan parte hartzen duten entitateak gonbidatuko dira haien kideen artean sarien berri zabaltzera eta hautagaiak proposatzera.

Hautagaitzak jasoko dira LANABES web gunean lanabes.eus.

Horrezaz gain, sare sozialen bidez –Facebook-en orrialde bat ireki da “Lazarraga Sariak” izenarekin eta @Lazarragasariak Twitter kontua–edozein arabarrek proposa ditzakete hautagaiak.

Beste horrenbeste egin daiteke www.araba.eus edota www.euskaraba.eus webguneetan edota euskaraba@euskaraba.eus e-postara idatziz.

Aurreko urteetako saridunak:

2016: Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardín
2014: Besa upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia (Egamaster)
2012: Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía
2010: Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Skunk Funk eta Launa Upategia.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin