“Guztion inplikazioari esker lortu dugu Bai Euskarari Saria. Pozik eta Harro”

talleresmitxelena-baieuskarari.jpg

Talleres Mitxelenak, Hernaniko kooperatibak, solstizio berezia biziko du aurten. Bai Euskarari Saria jaso berri, ospakizuna prestatzen ari dira jada, pozez beterik eta oso motibaturik. Alaitz Tolosarekin izan gara, mundu mailako enpresaren koordinatzailea, ideia argiak dituen emakumea eta kooperatibaren identitate sendoaren ordezkari eta defendatzailea.

Bai Euskarari Saria jaso duzuela jakin berri duzue. Zer pasa zaizue burutik? Bihotzetik? 

Izugarrizko poza. Sorpresa. Harrotasuna. Sekulakoa. “Historia” izan da burura etorri zaigun lehenengo gauza, hainbat urtetan egin dugun ibilbidearen, egindako lanaren aitorpena. Nik 10 urte daramatzat Mitxelenan lanean eta hasieratik harrituta gelditu nintzen kooperatibak bizi zuen kultura euskalduna ikusi nuenean. Lantalde euskalduna dugu, gogotsua, inplikatua eta guztion artean lortu dugu gure lan hizkuntza % 100ean euskara izatea. Horrelako sari batek aurrera egiteko “txute” bat ematen digu. 

1960an sorturiko kooperatiba zarete. Mende erdia baino gehiago pieza berezi eta tamaina handikoak egiten. Gehiago jakin nahi dugu… 

Industria eta teknologia sektorea deskribatzea zaila da. Altzairuzko pieza handiei forma ematen diegula esan genezake. Horretarako, tornu eta fresadorak ditugu, oso pieza handiak eta bereziak dira. Baina teknologiaz hitz egiten ari garen arren, nabarmendu nahiko nuke artisauak garela. Bezeroaren eskakizunaren araberako piezak egiten ditugu, oso baldintza ezberdinetara egokitutakoak, exigentzia maila handiarekin eta gutako bakoitzaren inplikazio osoarekin. 

Talleres Mitxelena-k balioz eraikitako ibilbidea egin du. 

Bai. Mitxelenatar anaiek sortu zuten Talleres Mitxelena, orduan zilindro hidraulikoak fabrikatzeko. Urteak pasata, 90. hamarkadan, krisia etorri – ez etorri, langileak hartu zituzten eta elkartasunean oinarrituriko enpresa sortu zuten. 2000. urtean, kooperatiba izatera pasa zen eta ordutik, saiakera berezia egiten ari gara lantaldearen baloreak eta inguruarekiko eraginkortasuna berreskuratzeko. Gaur egun, mundu mailara iristeko gaitasuna dugu. Hori bai, nazioartean ere, gure DNA euskalduna da. 

“Lan-talde euskalduna dugu, gogotsua, inplikatua eta guztion artean lortu dugu gure lan hiz-kuntza % 100ean euskara izatea”. 

Mundu mailan, Hernanitik, Euskal Herritik eta euskaratik. Sektorea oso ondo ezagutzen duzue zuek. Zein da Euskal Herriko industria sarearen egoera? 

Egia esan, mundu mailan, konpeten-tzia handiarekin ari gara lanean eta, gainera, zoritxarrez, “Espaina” markak hornitzaile bezala ez digu mesede handirik egiten, Europa mailan ospe nahiko negatiboa baitu. Zentzu horretan, uste dut beharrezkoa dela Administraziotik Euskal Herriko lurraldetasunaren marka sustatzea eta enpresa sarea marko horretan kokatzea. Herri bezala, izugarrizko talentua eta potentziala dugu, eta elkarrekin, urrutira iritsi gaitezke. 

Txikitasunetik, aktibo handia duzuela nabarmentzen duzue: lan-taldea eta ekipamendua. 

Ekipamenduarena, pieza handiak ditugulako. Baina hori ez da nahikoa, lantaldea da garrantzitsuena. Makina asko dago, baina guk eskarmentudun eta inplikazio handiko jendea dugu. Guztiok sentitzen gara proiektuaren partaide eta horrek eragiten du edozein arazoren aurrean erantzuteko jarrera izatea, langileok dena ematea. 

Zein paper hartzen du hizkuntzak kooperatiban? 

Euskara da gure hizkuntza naturala, guztiz txertatuta dugu, lanerako tresnetan, komunikazioan... Hizkuntzak kooperatibaren identitatea lantzeko balio izan digu. Lurraldetasunarekiko lotura ematen digu. Kanpora begira ez zaigu ahaztu enpresa garela eta herriaren-tzako egin behar dugula lan. 

Gainera, ezin dugu ahaztu beste lekuetan ateak irekitzeko beharrezkoa dela hizkuntza. Bezeroari zerbitzua bere hiz-kuntzan eskaini ahal izateko, guztiok ari gara etengabe ikasten. 

“Kanpora begira ere, euskal komunitatean eragiten saiatzen gara, laguntza eskainiz, beste batzuekin ikasiz eta praktika onak erakutsiz”. 

Zein neurri hartzen dituzue euskara sustatzeko? 

Euskara, orokorrean, era naturalean bermatuta dago. Maila formalean eta baita informalean ere; informazioa, tresnak, dokumentazioa... euskaraz ditugu. Gainera, bere garaian, Elhuyarrekin egin genuen proiektu baten bidez gure hizkuntza politika idatzi eta gure lankideekin partekatu genuen, hizkun-tza ohitura formalizatzeko eta lankideei ere gogorarazteko zein garrantzitsua den guretzat euskaraz egitea. Euskara da identitatea. Lurraldetasuna. Gertutasuna. 

Kanpora begira ere, euskal komunitatean eragiten saiatzen gara, laguntza eskainiz, beste batzuekin ikasiz eta praktika onak erakutsiz. 

Zein da euskararen egoera industria eta tekonologia sektorean? 

Euskara industrian txertatzeko lan handia dago oraindik, nahiz eta batzuk horretan diharduten. Euskarazko hiztegi teknikoa falta zaigu eta horrela ezinezkoa da euskaraz lan egitea, batez ere negozio harremanetan; formaltasunetik hitz egiten hasten garenean, erdarara jotzen du jendeak gehienetan. 

Kalitatea bermatzen duten zigilu asko lortu dituzue, horien artean, Bai Euskarari ziurtagiria. Zergatik erabaki zenuten azken hori eskuratzea? 

Kooperatibaren etengabeko hobekuntza estrategiaren barruan kokatzen dugu. Lehentasuna eman genion, barrura begira, etxe barruko hizkuntza normalizatzeko eta, kanpora begira, bezeroentzat garrantzitsua izango zela pentsatu genuelako. 

Pauso handiak eman dituzue eta 2012an Bai Euskarari ziurtagiriaren “Zerbitzua euskaraz” mailara igo zineten. 

“Bidean” maila ziurtagiria lortu genuenean erronka planteatu genuen, egun izaten jarraitzen duguna: euskaraz lan egitea. Pixkanaka, ilusio handiz, aurrerapausoak ematen ari gara, ttipi-ttapa eta, garrantzitsuena dena, elkartasunetik ari garela. Taldearen sentsibilizazioa ezinbestekoa izan da prozesu honetan eta esan beharra dago guztion inplikazioari esker iritsi garela “Zerbitzua euskaraz” maila eskuratzera eta orain Bai Euskarari Saria irabaztera. Harro gaude. Pozik. 

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin