10 enpresak egin dute euskararen pilotajea, arrakastaz

lanabes-pilotaje-2-653x435.jpg

2017 ko azaroan, Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmotik Arabako enpresei euskararen bidea erraztea helburu duen pilotaje erraz eta doakoa eskaini genuen. Metodologia ulergarri baten bitartez, enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko laguntza eskaintzen dugu, zerbitzua eta lan hizkuntza izateko ibilbidea zehazten.

Izan ere, Lanabes – Araban Euskara Lanean proiektuaren helburu nagusia da Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Prozesu horretan parte-hartu nahi du Lanabes talde eragileak, euskararen erabilera integratzeko beharrezko baliabide eta laguntza enpresei eskainiz.

Aurreko urtean lehenengoz martxan jarritako pilotajearen metodologiarekin, Arabako entitateak urrats berriak ematera gonbidatu ditugu, ibilbide horretan bidelagun garelarik. Gainera, erakundearen hizkuntza egoera hobetzeko baliabideak eskaintzen ditugu, esate baterako, hizkuntza-egoera ezagutzeko baliagarria den auto-diagnostikorako aplikazioa, praktika egokiak eta eredugarriak, inprimaki-ereduak, etab.

Prozesuaren arduraduna da Bai Euskarari Elkartea, enpresei hizkuntza irizpide eta neurri egokiak definitzen laguntzen dienak, jarduerari hobekien egokitzen zaizkienak; etengabeko aholkularitza emanez.

Abenduan, 10 enpresa agertu zuten euskara areagotzeko aholkularitza jasotzeko interesa eta Bai Euskarari Elkartearekin jarri ziren harremanetan. Prozesua zehaztu eta lehenengo urratsak emanda, Arabako entitateek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dute, maila ezberdinetan. Zorionak guztioi!

Orban diseño e impresión, Agurain, Bidean maila 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren "Bidean" maila lortu dute. Hainbat helburu ezarri dituzte bezeroekiko harremana euskaraz izan dadin, batez ere, hizkuntza paisaia eta kanpo harremanekin zerikusia duten elementuak euskaratzeko. Lan hori egiteko, Bai Euskarari Elkartearen baliabideak eta laguntza izango dute.

Balerdi fisioterapia, Agurain, Bidean maila

Bai Euskarari Ziurtagiriaren "bidean" maila lortu dute. Enpresaren erronken artean, hizkuntza paisaia eta kanpo harremanak nabarmendu dira: errotuluak eta plakak (ordutegia eta antzekoak) euskaraz ere egingo dituzte; Informazio orriak, tarifak eta produktuen katalogoak itzuliko dituzte; fakturak eta ordainagiriak euskaraz jarriko dituzte, telefonoaren erantzungailuko mezua bi hizkuntzetan jarriko dute…

GUNE Gasteiz S.C., Bidean maila 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren "bidean" maila lortu dute. Egiteko moduan, errotulu nagusia itzultzea eta bezeroarekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea azpimarratu dira. Barne harremanetan ere, oharrak, telefono, fakturak… euskaraz izatea lehenetsi dute.

GEU Elkartea, Gasteiz, Zerbitzua euskaraz maila 

Jarduna ia osorik euskaraz burutzen dutela egiaztatuta, Bai Euskarari “Zerbitzua euskaraz” maila lortu dute. Hala ere, lana euskaraz egin ahal izateko, barne harremanak euskaraz sustatzeko beharra identifikatu da.

Ecopaja Bioconstrucción módular S.L., Gasteiz, Bidean maila 

Euskaraz lan egiten hasteko hainbat helburu ezarri ditugu: erakundearen informazio orriak elebitan egingo dituzte; bezeroentzako faktura eta ordainagiriak itzuli eta bi hizkuntzetan eskaintzen hasiko dira, hala nola bezeroei bidalitako gutunak bi hizkuntzetan jarriko dituzte…

Arabako ALEA komunikazio taldea, Zerbitzua euskaraz maila

Euskara erdigunean duen proiektu komunikatiboa da. “Zerbitzua euskaraz” maila daukate eta helburu gutxi batzuk zehaztu dituzte “Zerbitzua eta lana euskaraz” mailara iristeko: telefono konpainiaren faktura euskaraz jasotzeko eskatuko dute; sistema eragileak euskaraz jarriko dituzte eta ofimatika eta web zein posta programak euskaraz jarriko dituzte ahal den heinean.

Errioxa Kultura Elkartea, Oion, Bidean maila 

Bai Euskarari “Bidean” maila lortu dute eta aurrerapausoak emateko, kartelak, lan kontratuak, nominak, fakturak… euskaratzen hasiko dira.

Kulturbide Gestión Sociocultural S.L., Gasteiz, Bidean maila 

Bai Euskarari “Bidean” maila lortu dute eta gogoz ezarri dituzte hobekuntzarako helburu berriak: informazio orriak elebitan egingo dituzte, hala nola bezeroei emandako aurrekontuak eta fakturak; erakundearen argitalpenak eta eskolak emateko materiala elebitan egingo dute; bezeroarekiko ahozko zein idatzizko harremanetan euskarari lehentasuna emango diote…

Candido Besa Upategiak, Eskuernaga, Bidean maila 

Enpresako langile guztiak euskaldunak dira eta haien jarduna euskaraz izaten da; hala ere, hainbat helburu zehaztu dira “Bidean” maila gainditu dezaten, batez ere hizkuntza paisaiari loturiko elementuen euskaratzearekin erlazionaturikoak.

Araski Arabako Emakumeen Saskibaloia, Bidean maila

Bai Euskarari “Bidean “maila lortu dute eta hainbat helburu zehaztu dira aurten jorratzeko. Gogotsu agertu dira kanpo eta barne komunikazioa euskaraz egiten hasteko eta batez ere, lehen hitza euskaraz egiteko.

Pilotaje prozesuan parte-hartu nahi duten enpresek Lanabesekin jar daiteke harremanetan e-postaz, info@lanabes.eus helbidera idatzita edo zuzenean Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan jarrita, e-postaz: info@baieuskarari.eus edo telefonoz: 945215196  / 677415084

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin