“Gaur egun udal askok obretako arduradun euskaldunak eskatzen dizkigute”

Mireia de Diego - Excavaciones de Diego enpresako zuzendaria

mireiadediego-web.jpg

Historia ikasten ari zela, aitaren enpresan egin zituen praktikak eta unibertsitate ikasketak amaituta, lanean hasi zen bertan. 22 urte besterik ez zituen, ekonomiako linea kurrikularretik buruturiko historia ikasketak, lan arriskuen gaineko Master bat eta lan egiteko sekulako gogoa. “Eraikuntza arloa gizonezkoena zen eta da, formazio gutxiko pertsona asko dago, obrako gizonak, eta hasieran ez zidaten bizimodua erraztu”. Tinko eta sendo aurrera egin zuen Mireia de Diegok eta 2004tik Excavaciones de Diego enpresaren zuzendaria da. Gaur egun Bizkaiko Induskarien Elkarteko eta Eraikune Eraikuntza Klusterreko presidentea ere bada. Era berean, 2014an Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak saria eman zion.

 

Bat baino gehiago harritu egingo da, ezta? Emakume bat Induskarien Elkarteko presidente eta Indusketa enpresa bateko zuzendari nagusi...
 
Tamalez bai, halaxe da. Poliki bada ere, aldaketak ematen ari dira gure arloan, baina asko dago egiteko. Esaterako, obra batera gerturatzen zarenean, azpiegitura guztiak (aldagelak, komunak...) gizonezkoenak dira eta ez daude emakumeentzat prestatuta. Hori aldatzen hasi beharra dago. Bizkaiko Induskarien Elkarteko presidente gisa eta gure enpresaren zuzendari lez, eraikuntzako lan-hitzarmenean emakumeak aintzat hartzeko eskatu beharra dago.
 
Nolakoa da zuen enpresa? Zeintzuk dira Excavaciones de Diego-ren ezaugarriak?
 
Emakume bat enpresaren buruan egoteak bereiztu egiten gaitu. Beste guztien artean desberdintzen gaitu. Induskarien arlo honetan ia ez dago emakumerik, are  gutxiago zuzendaritza ardurak dituztenak. Gainera, gure teknikari asko ere emakumeak dira eta horrek ere bereizten gaitu.
 
2004tik enpresaren zuzendaritza daramazu. Ordutik, zein izan da bilakaera?
 
Gaur egun, 30 langile inguru gara eta 27 hondeatzaile ditugu. Bereziki, obra zibilean egiten dugu lan; obra publikoan ur zikloak egiten ditugu, irisgarritasun proiektuak, birsorkuntza urbanistikoak... Eta proiektuei berme osozerantzuteko lan-talde sendoa dugu: teknikariak, ingeniariak, arkitektoak eta obrako pertsonal prestatua. Guztira 30 bagara ere, zeharka, beste 20 lanpostu sortzen ditugu proiektu konkretuetan murgiltzen garenean.
 
“Emakume bat enpresaren buruan egoteak bereiztu egiten gaitu. Beste guztien artean desberdintzen gaitu”
 
Bizkaia, Gipuzkoa, Araba... Euskal  Autonomia Erkidegoa da zuen lan-eremua.
 
Merkatua hazi egin da azken urteotan eta obra publikoak ere goranzko joera dakar. Paradoxikoki, pertsonak falta dira. Peoiak behar izaten ditugu, ez soilik pertsona kualifikatuak. Gaur egun, samurragoa da ingeniari bat aurkitzea, peoi edo makinista bat kontratatzea baino.
 
Merkatuari dagokionez, gaur bertan udalek inbertsioak egiteko zorra eduki dezaketela argitaratu da eta horiexek dira gure bezero handienak. Eraikuntza enpresa handiek Abiadura Handiko Trenaren lanak egin beharko dituzte eta gainerako obrak gurea bezalako enpresa txikiagoentzat izango dira.
Gure enpresak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egiten du lan. Erkidego osoan gaude: Laudio, Oñati, Zizurkil, Hondarribia, Bedia, Galdakao... une honetan toki horietan guztietan ari gara lanak burutzen.
 
 
 
Elkarlanean sinisten duzu. Sinergiak gogoko dituzu eta zure enpresa kokatu duzu elkarte ezberdinetan, era ikusgarrian.
 
26 urterekin hartu nuen enpresa. 41 urte ditut orain eta, bai, enpresa era- mateko modua desberdina da orain. Subkontrata izatetik kontrata izatera pasatu gara. Egia da obren inguruan ez dudala ideia handirik, baina enpresa politikaz, kontaktuez, jarreraz, harremanez eta aberrez ezagutza eta formazioa dauzkat, eta ezagutzen ditut nolakoak diren administrazioarekiko harremanak. Era berean, elkarlanean sinisten dut eta uste dut oso garrantzitsua dela gurea bezalako  enpresentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere.
 
 
“Euskara gero eta presenteago dago eraikuntzaren esparruan. Berrikuntza arloan ere, Induskari Elkarteko presidente egin nindutenean euskarazko ziurtagiria eskuratzea proposatunuen”
 
Induskarien elkartea, Eraikune eraikuntza Klusterra, Emakume Enpresarioen Elkartea...
 
Horietan guztietan bisible egotea ezin bestekoa da guretzat. Sinergiak sustatu behar ditugu, gure arteko aliantzak... Konpetentziarekin batera joan beharra daukagu proiektu handiei aurre egiteko. Eraikune Klusterrean ere berrikuntzaz eta merkatuaz informazio ezinhobea partekatzen dugu, eta gure sektorea norantz doan elkarrekin hausnartzen dugu.
 
Eta euskararen egoera nolakoa dazuen arloan?
 
Euskara gero eta presenteago dago eraikuntzaren esparruan. Obra zibilean ari garenok, esaterako, baldintza-agiriak eta administrazioko eskakizunak euskaraz jasotzen ditugu... Era berean, udal askok obretako arduradun euskaldunak eskatzen dizkigute. Alegia, gure obra-burua edo arduraduna euskalduna izatea eskatzen dute. Eta batzuetan, baldintza-agiri administratiboetan udalek ez badute euskararen eskakizuna sartzen, guk geuk jartzen dugu hobekuntza moduan.
 
Seinaletika ikuspegitik ere bilakaera nabarmena izan da, ezta?
 
Seinaletikan ere elebidunak gara, arlo guztietan, gure kartelak euskaraz eta gaztelaniaz daude. Era berean, berrikuntza arloan ere, Induskari Elkarteko presidente egin nindutenean euskarazko ziurtagiria eskuratzea proposatu nuen, eta berdintasuna bultzatzeko ziurtagiria ere txertatu genuen, Emakunderena. Klusterrean ere bultzatzen ari gara euskararen erabilera. Gainera, enpresarioen elkartean ere euskararen sustapena ezinbestekoa da.
 

 


 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin