“Euskara bizimodu jasangarriaren, demokraziaren eta askatasunaren alde”

Garbiñe Aranburu - LABeko idazkari nagusia

lab-baieuskarari-2.jpg

LAB sindikatuak garai berri bati hasiera eman dio. Garbiñe Aranburuk hartu du idazkari nagusiaren lekukoa, eredua berritu eta esparru politikoan, sozialean zein sindikalean eragiteko ilusioarekin. Kontraboterea, feminismoa, euskal sozialismoa, elkarlana eta euskara dira garaiaren gakoetako batzuk.

Garbiñe Aranburu - LABeko idazkari nagusia

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia. Naturaltasunez sinatzen duzu jada? 

Errespetuz eta ilusioz ekin diot etapa berriari, eta prozesua bera naturaltasunez bizi dut. Ez gara hutsetik abiatzen, etxeko lanak eginda iritsi gara Biltzar Nagusira. Aurretik hasitako bideari jarraipen ematea dagokigu guri. Sindikatuak oinarri sendoak ditu eta norabide egokia, lekukoa hartu eta lanean jarraitzeko.   

Aldaketak zailak eta bat-batekoak dira batzuetan. Kasu honetan, LABeko ordezkarien % 92ak egin zuen zure alde. Zeintzuk dira idazkari nagusia izatearen motibazio nagusiak?

Azken urteak zailak izan dira sindikatuarentzat aldaketez josiak. Krisi garaiak, gure agenda hankaz gora jarri zuen eta egoerari erantzutea izan da lehentasuna. Erantzun eraginkor bat ematen saiatu gara eta horrekin lotzen dugu langileen aldetik jasotako atxikimendua; sindikatua hazkunde fasean dago, ordezkaritza gero eta zabalagoa dugu Euskal Herri osoan. LAB osasuntsu eta barne kohesio handiarekin iritsi da bere 9. Biltzar Nagusira. Horri erantzungo liokete bai aurreko zuzendaritzaren kudeaketak izaniko atxikimenduak, baita zuzendaritza berriari emaniko babesak ere. Prekarietatearen aroari aurre egiteko eredu sindikal eraginkorra behar dugu eta helburu horrekin, sindikalgintza eredua birpentsatzeko gogoeta prozesu oso bat egin dugu. Gaur esan dezakegu garai berriari oinarri feministak izango dituen LAB indartsu eta gaurkotu batetik egin ahal izango diogula aurre. Kontrabotere sindikalgintza aldarrikatzen dugu, ezinbestekoa baita lan munduan eta jendartean aldaketak eragiteko. Aldaketaren bidean, azken urteetan lan handia egin dugu Euskal Herrian burujabetza prozesua abiatzeko baldintzak sortzeko. Esparru politikoan, sozialean zein sindikalean asko dugu egiteko eta asko irabazteko. 

Rafa Díez Usabiaga eta Ainhoa Etxaide. Zuretzat ereduak al dira? 

Harro gaude LABen Rafa eta Ainhoaren tamainako militanteak izateaz, eta haiek egindako ekarpenaz. Niretzat oso emankorra izan da lehenik Rafarekin aritu izana eta ondoren Ainhoarekin, eskuz esku. Garai berri bati begira jarri garen honetan ere, LAB sindikatu soziopolitiko bat dela aldarrikatzen jarraitzen dugu, aldaketa soziala lortzeko politikak aldaraztea ezinbestekoa baita. Erronka berriak bai, eredu sindikal berritua ere bai, gure balioak gaurkotzeari bai, baina sindikatu honen izaerari eutsiz egingo dugu bidea. 

Kongresuaren izenburua: `LAB 4.0 Gure Garaia´. Nolakoa da garai hori? Gurea, zeinena? 

40 urteko ibilbidea du LABek. Sindikatua bere 4. hamarkadan, 4. fasean sartu da eta orain garai hori irudikatzea dagokigu. Ardatz nagusiak marraztu ditugu, lana eta kapitalaren arteko talkari dimentsio berria eman diogu, bizimodua eta kapitalaren arteko talkan kokatuz, bizimoduaren erabateko prekarizazioari aurre egitea da lehentasuna. Nahi dugu euskal langileon garaia izatea, euskal sindikalismoaren garaia, Euskal Herriaren garaia, Euskal Estatuaren garaia, sozialismoaren garaia. Benetako alternatibak eraikitzeko garaia da eta apustu argi bat dugu: euskal sozialismoa eraikitzea; Euskal Estatua da eraikuntza horretarako tresna, eta hor kokatzen ditugu aldebakarreko burujabetza prozesua sustatzearen beharra eta garrantzia, hor, gaurko eredua errotik aldatzeko jukera. 

"Benetako alternatibak eraikitzeko garaia da eta apustu argi bat dugu: euskal sozialismoa eraikitzea"

Zeintzuk dira une honetan sindikatuaren oinarri nagusiak. Garai honetan zeintzuk dira erronkarik nabarmenenak? 

Kapitalismoak gure bizimoduaren jasangarritasuna du jo-puntuan, eta aurre egin behar diogu, mobilizazio lerro gero eta indartsuago batekin eta eragile sozial eta sindikalen arteko aliantzen bitartez. Bizimoduaren jasangarritasuna lanaren aitortzarekin ere lotuta dago: lana bere osotasunean aitortu behar da, produktiboa zein erreproduktiboa. Langile kolektibo ezberdinei erantzungo dien praktika sindikal bat garatu behar dugu datozen urteetan, hortik etorriko baita hain beharrezkoa dugun langile-klasearen berrosaketa. Sindikatuak gai izan behar du ekintza sindikal eta sozial integral bat garatzeko, lan baldintzak defendatzeaz gain, bizitzaren prekarizazioaren kontra aritu eta bizimodu duinaren aldeko borroka erdigunean jartzeko.   

Erronka horietan aliantzak aipatu izan dituzue. Konkretuki, ELA sindikatuarekin harreman naturala sustatzen ari zarete, ekintza sindikal bateratua lortzeko bidean. 

Elkarlana beharrezkoa da eta horretarako baldintza jakin batzuk sortzen ari gara. Ibilbide ezberdinak ditugu, bi proiektu sindikal ezberdin. Hori horrela da, baina badakigu elkarlanaren bidetik gure kontrabotere eta konfrontazio gaitasuna biderkatu egiten dela; adostasunak eraikitzeko gai bagara, emaitzak ikusiko dira lan munduan, esparru sozialean eta politikoan. 

Eta  gainontzeko sindikatuekiko ekintza sindikala?   

Euskal Herrian bi eredu sindikal ezberdin ditugu. Sindikatu abertzaleon eredua batetik, eta CCOO eta UGTrena, bestetik. Gehiengo sindikalaren esparrua da gure aliantza eremu naturala. CCOO eta UGTren ereduarekin elkarlanerako aukera gutxi izango da hemen gauza bat esan eta Madrilen kontrakoa egiten jarraitzen duten bitartean. 

Langileriaren  egoerari erreparatuz, hazkunde ekonomikoa, langabezia zifrak, lanbideratze tasa... egoera sozioekonomikoa, orokorrean, hoberuntz doala esaten dute. Zein da zuen pertzepzioa?  

Hazkunde fasea iragarri dute, baina desberdintasun sozial gero eta handiagoen gainean egingo da. Aberastasunaren banaketarik ez dago, pobrezia gero eta handiagoa da; gero eta langile gehiagok, enplegua izanagatik ere, prestazio sozialen beharra dute. Hazkundearekin gertatzen da hitzarmenenik gertatzen den gauza bera, edozein hazkunde ez dela ona langileontzat. Enplegu berririk gabe, prekarietate gero eta handiagoarekin, soldatak etengabe erasotuz, erabat askieza den pentsio sistema bat mantenduz, babes sozial nahikorik gabe, desoreka eta desberdintasunak gero eta handiagoak izango dira. Botere ekonomikoak eta politikoak egiten duten hazkundearen apologiarekin kontuz ibili beharra dago. 

Administrazioetako ordezkariak aurrean izango bazenitu, zein hiru gauza eskatuko zenizkieke? 

Bereziki Jaurlaritzari zuzenduko nioke mezua. Lehenik, langileon kontrako erabakiak hartzeari uzteko, murrizketa eta politika antisozialekin amaitzeko eta gaizki deituriko elkarrizketa sozialeko mahaia desegiteko. Bigarrenik, autogobenuaz hitz egiten duten honetan eskatuko nieke Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde urratsak emateko benetako konpromisoak har ditzatela. Ezin da autogobernuaz hitz egin jendarte justu bat eraikitzeko oinarrizkoak diren lan harremanak eta babes sozialaren sistema eraginkorra eraikitzeko borondaterik edota ahalmenik gabe. Hirugarrena, baina ez horregatik garrantzia gutxiagorekin, euskal gatazkarren konponbidearen alde bustitzeko eskatuko nieke.

“LAB EUSKARAZ” 

Kongresu honetarako helburuetako bat izan zen “zerbitzua euskaraz” maila eskuratzea. Zorionak, lortu duzue. Zer suposatu du aurrerapauso honek sindikatuarentzat? 

Ibilbide baten aitortza da eta, lan munduari begira, LABek egiten duen aitzindaritza lana aintzat hartzeko modu bat. Garaiko gainerako sindikatu guztiak bezala, LAB erdaraz eraiki zen eta sindikatua euskalduntzea eraldaketa prozesu gisa ulertu zen hasieratik. Erabakia hartu, bitartekoak jarri eta prozesu planifikatua eta adostua egin dugu. Bidean urrats garrantzitsua, izan da Bai Euskarari Ziurtagiriaren “zerbitzua euskaraz” maila eskuratzea. Horri lortuta, gure helburua sindikatuaren funtzionamendua euskalduntzea da orain. Azken hamarkadetan egin den talde lanari esker eta gure militanteek euskararekiko duten konpromisoari esker, oso gertu gaude hurrengo mailara salto egiteko. 

 "Langileok euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugu, gure eskubidea delako eta nahi dugulako"

Urte hauetan zein pauso eman dituzue sindikatuan euskara txertatzeko? eta zertan lagundu dizue Bai Euskarari Elkarteak? 

LABek egitasmo estrategiko propioa du eta horren baitan barne euskalduntzerako zein lan munduaren euskalduntzerako ildoak egituratzen ditugu. Azken urteetan erabileran jarri dugu indarra eta urrats asko eman dira, hiru azpimarratuko nituzke: egoitza nagusi guztietan euskararen erabilera sustatzeko lan taldeak iraunkortzea, ahozko erabileraren neurketak egitea zein neurri zuzentzaileak martxan jartzea eta aholkularitza juridikoa euskalduntzea. Azken hori gakoa izan da “zerbitzua euskaraz” maila eskuratzeko. Bai Euskarari prozesu horretan bidaide izan da 2005etik eta langileontzat bereziki interesgarriak dira “enpresetako autodiagnosia” egiteko sortu duen aplikazioa edota praktika egokiak bildu izana. Era berean, enpresari, instituzio edota esparru sozioekonomikoan egiten duen sustapena eta sindikatuoi eragile aktibo gisa egiten digun aitortza ezinbestekoak dira. 

Bai Euskarari zuzendaritza taldean dago LAB, euskal langileen ahotsa presente egotea beharrezkoa baita. Euskara eta arlo profesionala: nolakoa da egoera? 

LABek Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzan parte hartzen du langileoi begirako interbentzio lerro bat antolatzeko helburuarekin eta elkarlanean egin daitezkeen ekimenak bultzatzeko. Gaur egun euskararen normalizazioak duen hutsunerik nagusienetarikoa eremu sozioekonomikoa da. Diskurtsoetan euskara kohesiorako elementu gisa aurkezten da, eta gatazkak ekiditeko, politikatik at kokatu behar dela azpimarratzen da. Errealitateak, ordea, lan munduaren euskalduntzea konfrontazio parametroetan kokatzera garamatza. Euskarak ez du tokirik patronalak eta hainbat instituziok sustatzen dituzten politika neoliberaletan. Euskara bizimodu jasangarriaren, demokraziaren, askatasunaren alde kokatzen dugu. Lan munduaren euskalduntzeak politika eraginkorrak behar ditu, ez politika gutxiago. Langileok ezinbestekoak gara lan munduaren euskalduntzearen aldeko dinamika pizturik mantentzeko. Hala, urratsak eman ditugu langileon hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan kokatzeko, eskubideok ekintza sindikalaren bidez borrokatzen eta aliantza berriak eraikiz. Urola Kosta eskualdean Kontseilua, ELA eta LAB sindikatuon artean garatzen ari garen egitasmo pilotua aitzindaria da horretan. 

Belaunaldi berriak dira etorkizuna. Gazteek euskaraz lan egiteko prest al daude? Aukerarik eskaintzen zaie? 

Zama handiegia jartzen da gazte edo langileongan. Norbanakoa euskaraz aritzeko prest ote dagoen galdetu aurretik, euskaraz lan egin eta bizitzeko ditugun baldintzak aztertu beharko genituzke eta politika eragingarriak aplikatu. Bide horretan, aztertu beharko genuke indarrean dauden hizkuntza ereduek belaunaldi berriak euskalduntzen ote dituzten eskolaren bidez, lanbidea euskaraz ikasteko edo garatzeko ditugun aukerak zein oztopoak aztertu, etengabeko formazio eskaintza errebisatu... Ezintasun hori areagotu egiten da lan munduan, oro har, euskaraz lan egiteko baldintzarik ez baitugu. Zerbitzua euskaraz bermatzearekin edota euskara ezagutzearekin ez gara konformatzen. Langileok euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugu, gure eskubidea delako eta nahi dugulako.


Deskargatu Bai Euskarari Aldizkaria (22. alea) hemen

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin