"Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar ditugu" - Enpresarean Azoka

Rober GutiƩrrez

Enpresarean-azoka-irober-gutierrez-web.jpg

 

 

ROBER GUTIÉRREZ – Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria

Ekintzailetzaz eta finantzazio ereduez aritu gara aurtengo Enpresarean Azokan. Ilusioa, bizipoza, elkarlana eta ibilbide profesional anitzek bat egin dute bertan. Izen propioen zerrenda ez da edonolakoa izan: aditu eta ekintzaile sutsuak, Euskal Herriko enpresa askotako kideak, esperientzia handiko eta ibilbide luzeko pertsona sortzaile eta berritzaileak, arriskuak bere gain hartzeko prest daudenak; horiekin batera, finantzazio erakunde garrantzitsuetako ordezkariak izan ditugu Orona-Ideon. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen antolakuntza xumea, baina asmo handikoa, iparra argi duena: ideiak partekatzeko foroa eskaintzea eta euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzea. Baita ekintzaileen artekoa ahalbidetzea ere. Sinergiak bultzatuz eta elkarlana bideratuz.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideiak konpartitzeko espazioa eta jardunaldia izan da, eta ez dira hausnarketa sakonak falta izan. Ekintzaileek ekintzailetza sistematikoki sustatuko duen ingurune bat nahi dute Euskal Herrian, non administrazioetatik ekimen eta ideia berrien garapena bultzatuko den, eskola eta unibertsitateetan ikuspegi zabaleko jarduera sustatuko den eta entitate finantzarioek, aingeru inbertitzaileek eta abarrek proiektuak sortzeko baliabideak jarriko dituzten. Enpresarean egitasmoaren bitartez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen presentzia ziurtatu nahi du sistema horretan. Hori ere bada, gure iritziz, etorkizuneko puzzlearen pieza garrantzitsua.

Eneko Knörr ekintzaileak BAI aldizkariaren azken alean dio Euskal Herriak ekintzaileak behar dituela, eta guk horri gehituko diogu, ahal dela, euskaraz ekin dezatela; ekimenak euskaraz sortu, abiatu eta gara ditzatela. Euskara era naturalean erabiliko duten aberastasun sustatzaileak behar ditugu, mundura begira eta beste hizkuntza batzuk ahoan izatera ohituta egongo direnak. Gure lurraldearen garapen osoa sustatzeko eta XXI. mendeko Euskal Herrian era naturalean txertatzeko gai izango direnak.

Aurtengo Enpresarean azokako solasaldi eta hitzaldietako ondorioak eta bideoak webgunean partekatzen joango gara. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen Youtube-ko kanalean ere aurki ditzakezue. Mereziko dutelakoan baikaude.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin