Lansarean, profesional euskaldunen topagunea

Euskaraplus.eus webgunean argitaratutako erreportajea

Captura_de_pantalla_2015-09-10_a_las_12.31.37.png

Krisi ekonomiko gogorrak lana bilatu beharra eragin die milaka herritarri eta teknologia berriak lagungarri dira honetan, lan-eskaintzak eta eskariak argitaratzen dituzten webguneak bereziki. Gaztelaniazko zenbait oso ezagunak dira gure artean, baina euskarak ere badu lekurik eremu horretan: Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak iazko udaberrian sortu zuen Lansarean.eus webgunea Enpresarean egitasmoaren barruan.

“Euskaraz ez dago horrelako tresnarik”, adierazi zuen Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak proiektuaren aurkezpenean. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko sortu zuten, beraz, enpresa eta profesional euskaldunek elkar ezagutzeko gune hau.

Jarraitzeko erraza

Lansarean.eus webgunean sartzen denak, lan-eskaintza mordoa ikusiko du lehen begiratuan. Baina denak irakurtzen hasi aurretik bere intereseko bilaketa egin dezake leihoaren goiko bilatzaileari esker. Nahi duen hitza edo Euskal Herriko herrialdea idatzi eta horren araberako emaitzak erakutsiko dizkio guneak. Gainera, bilaketa aurreratua egin dezake pantailaren eskuineko zutabean interesekoak zaizkion lan-arloa, eskualdea, herria, lan-mota eta soldata zehaztuta.

Posta elektronikoz ere jaso ditzake eskaintzak, “helbidea eman eta erabiltzaile baldintzak onartzea besterik ez da”. Erabiltzaileak egunero jasoko du mezu bat bere helbidean argitaratutako eskaintzekin. RSS eta Twitter eta Facebook sare sozialen bidez ere jarrai ditzake lan-eskaintzak.

Izen-ematea

“Prozesua errazten saiatu gara eta sare sozialen bitartez, hango profila erabilita, eman daiteke izena”, azaldu zuten webgunearen sortzaileek iazko aurkezpenean. Enpresa edo hautagai gisa erabili daiteke Lansarean, kasu bakoitzerako goiko eskuinaldean dagokion izen-ematea eginda.

Curriculumak sartzeko atala

Curriculumak sartzeko atala

– “Hautagaia naiz”: profil honetatik zein eskaintzatan eta noiz izena eman duen kontrola dezake hautagaiak, baita bere curriculuma osatu ere. Horretarako lehenengo pausua argazkia, izena, posta elektroniko helbidea, herrialdea, lan-eremua, formakuntza-arautua (ikasketa akademikoak) eta ez arautua (bestelako ikastaroak), hizkuntza eta lan eskarmentua osatzea izango da. Gainera, aurrez ordenagailuz beste curriculum bat badu landuta, hau gehitzeko aukera du.

Informazio hori Lansarean-en dauden enpresek ikus dezakete hasiera batean baina norberak publiko egin eta gainerako erabiltzaileek ere ikusteko moduan jar dezake. Erabiltzaileak edozein momentutan alda ditzake bere datuak, baita kontua ezabatu ere.

Lan eskaintzak sartzeko atala

Lan eskaintzak sartzeko atala

– “Enpresa naiz”: enpresek euren eskaintzak argitaratu eta hautaketa prozesua kudea dezakete atal honetatik. Eskaintzak argitaratzeko lan eskaintzaren datu hauek eman beharko dituzte: deskribapena, hautagaiek bete beharreko baldintzak, lan-arloa, soldata eta prozesuaren jarraibideak. Enpresek erabaki dezakete soilik eskaintza argitaratu nahi duten edo, horrez gain, Lansarean-en bitartez izena emateko aukera zabaldu nahi duten.

Izen-ematea irekita uzten badute, mezu bat jasoko dute norbait bere eskaintzan apuntatzen den bakoitzean. Gainera, hauen curriculuma ikusi eta deskargatu dezakete beraien profiletik.

Aurreiritziak hausteko baliagarri

Martxan jarri zenetik, garapen oparoa izan du Lansarean plataformak eta 1.200 lan eskaintza baino gehiago argitaratu ditu. Ehun enpresa inguruk egin dituzte eskaintzok eta 700 pertsona baino gehiagok osatu dute beraien curriculuma, hauetako 125ek modu publikoan.

Euskara dute komunean curriculum guztiek eta honek hainbat aurreiritzi hausteko aukera ematen du. Zergatik? Batzuetan kosta egiten delako etorkinek ere euskaraz badakitela jabetu eta barneratzea. Gutxiengoa dira oraindik Lansarean-en baina dagoeneko badaude euren lan-eskarmentuaz harago, euskara eskaintzen duten etorkinen curriculumak.

Curriculuma

Banaiz Bagarako ikasle ohi baten Curriculuma Lansarean bilatzailean

Egilea: Iure Eizagirre

Iturria: Euskaraplus.eus

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin