Lan munduaren euskalduntzean aurrerapausoak eman arren, beharrezkoa da neurri eraginkorragoak hartzea

Lan munduan euskarak bizi duen egoeraren inguruan azterketa egin du Kontseiluak aholkularitzen sektoreko ordezkariekin (EMUN, Artez, iBerba, Elhuyar-Aholkularitza, AHIZE) eta Ziurtagiriaren Elkartearekin batera. Agerraldia egin dute Laudioko Gometegi enpresan. “Hamar herritarretik zazpiri (%72ri) ezinbestekoa iruditzen zaio jendearen aurrean lan egiten duten funtzionarioek euskaraz hitz egitea. Are gehiago, proportzio berari (%69) EAEn lan egiten duten funtzionario guztiek euskara ikasi beharko luketela uste dute. Ildo beretik,  are gehiago dira kontsumitzaile eta erabiltzaileek saltoki, enpresa eta administrazioaren aldetik euskaraz zein gaztelaniaz atendituak izateko eskubidea dutela diotenak, %81 hain zuzen ere eta are gehiago dira, %85 hain zuzen ere, gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara jakiteak aukera gehiago ematen dituela uste dutenak. Herritarren iritzi hauek Eusko Jaurlaritzak berak jaso ditu, Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak hain zuzen ere, 2011ko urtarrilean argitaratutako Euskara: erabilera, jarrerak, politikak txostenean jasotzen dira. Horrela, herritarren nahi horri erantzunez, ehunka, milaka enpresa txiki, ertain eta handik euskararen aldeko hautua egin dute beren egunerokoan. Horietatik askok, ehunka enpresak, euskara normalizatzeko planak jarri dituzte abian. “Euskara-planen mapa eta Bai Euskarari Ziurtagirien ebaluazioa aztertuta, esan dezakegu, egoera zailenean ere enpresa askok beren burua euskalduntzeko eta euskaraz jarduteko ahaleginari eutsi diotela. Urtez urte gainera, enpresa berriak gehitzen joan dira bide horretan. Duela 20 urte pasatxo zenbait enpresak konpromiso honi heldu zionetik, gero eta enpresa gehiago ohartu da, bezero euskaldunengana heltzeko, gizarte erantzukizunez jokatzeko, euren langileak motibatzeko eta inguruneari balio erantsi bat eskaintzeko, euskaraz lan egiteko urratsak emateak euren negozioak aberasten dituela. Are gehiago, asko dira ohartu direnak produktu eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeak euren negozio-aukerak handitzen dituela. Izan ere, bezeroarengandik hurbil jartzen ditu euskarak, eta, horrenbestez, bezeroak fidelizatzeko nahiz berriak lortzeko tresna izan daiteke. Gainera, lehiakideengandik bereizten eta lehiakorrago izaten laguntzen die euskarak”. Herritarren aldekotasuna hain zabala izanda, gero eta enpresa gehiagok hartzen duten bidea txalogarria eta eredugarria da, baina, urrats berriak behar ditugu. Gaur egungo bidetik, ezin zaio herritarren eta langileen nahiari epe onargarri batean erantzun, horrela ezin dira herritarren hizkuntza-eskubideak epe labur-ertain batean bermatu. Lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten eragile desberdinek urratsak eman behar dituzte. Administrazioen hizkuntza-politikek ez dute lortu alor sozioekonomikoan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, egikaritzea. Alor honetan euskararen normalizazioak ez du izan beharko genukeen aurrerabiderik. Horrenbestez, hezkuntza-arloa euskalduntzeko hamaika eragilek egindako inbertsioak (bai diru aldetik, bai ekimen eta ilusio aldetik) ez du segidarik arlo sozioekonomikoan, eta horrenbestez, antzu gelditzen da. Gero eta gehiago dira euskaraz ikasi duten eta trebatu diren pertsonak, belaunaldi berriak prest daude euskaraz lan egiteko, baina lan-munduak horretarako aukera gutxi ematen die. Urte hauetan guztietan ez da nahikoa oinarri eraiki lan-mundua osoki euskalduntzeko eta boluntarismoan oinarritutako politikek eta arlo honetan eginiko sustapenak emaitzak eman baditu ere, emaitza horiek mugatuak izan dira. Egin den azterketaren ondorioz, Kontseiluak, EMUNek, Artezek, iBerbak, Elhuyar-Aholkularitzak, AHIZEk eta Ziurtagiriaren Elkarteak iniziatiba hartu, egoeraren inguruko hausnarketa egin eta etorkizuneko oinarriak ezartzeko beharra ikusi dute. Lan-munduko errealitate zabalaren parte bat ordezkatzen dutela jakinik, beharrezkoa ikusi dute lan-mundua osatzen duten eta eremu honen euskalduntzean zeresana duten beste eragile garrantzitsuenekin euren gogoetak partekatzea. Bada, honetaz guztiaz hitz egiteko, hausnartzeko, sektoreko eragile garrantzitsuenekin bilduko dira, lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurrien inguruan aritzeko: normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz, hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz, enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez eta laguntzez eta bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz, besteak beste. Gogoetarako deia ere egin zaie lan-munduko eragile desberdinei, egoera honen jakitun izanik, lan-mundua euskalduntzeko urratsak gaurdanik ematen hasteak guztiontzat onurak besterik ez baititu ekarriko.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin