17 entitatek lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Laudion, lehen banaketa ekitaldian

 

Laudion euskararen normalizazioa bizkortzeko kanpaina aurrera eramaten ari dira eta, ekimenaren barruan, Bai Euskarari Ziurtagiria ezagutzera emateko herriko zenbait establezimendu eta elkarte bisitatu dituzte. Lan horren ondorio dira atzo Laudion banatu ziren 17 Ziurtagiriak. Izan ere, herriko 17 entitatek eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria, lehen banaketa ekitaldian, eta horietatik 12 berriak dira. Ziurtagiria eskuratu zuten 17 entitateetatik 2k "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila eskuratu zuten, 3k "Zerbitzua euskaraz" maila, eta gainerako 12ek "Euskararen bidean" maila.

Acto de entrega de los Certificados Bai Euskarari en LlodioZiurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezekin batera, Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa-ekitaldian izan ziren Laudioko Udalaren euskara teknikari Felix Muguruza, Araba Euskarazeko ordezkari Ainhoa Uriarte eta Basalarrina Euskara Elkarteko ordezkari Natxo Urkixo. Horien ponentziez gain, bertsolariez edota abeslariez ere gozatu ahal izan zuten partaideek. Amaitzeko, berriz, mokadutxoa egin zuten.

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak, ezer baino lehen, zoriondu egin zituen Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuten Laudioko 17 entitateak eta ongi-etorria eman zien. "17 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, eta benetan pozgarria. Baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana. Izan ere, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bermatzea ezinbestekoa baita hizkuntza normalizatzeari begira. Garrantzi handia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak. Eragile sozioekonomikoak hizkuntza-normalizaziorako agente bihurtu behar dira eta horretarako Ziurtagiriaren Elkarteak bitartekoak eskaintzen lagunduko du".

Bai Euskarari Ziurtagiriak 10 urte bete ditu aurten eta urteurrena gogoan izan zuen Gutiérrezek. Izan ere, 2000. urteko ekainaren 13an egin zen Bai Euskarari Ziurtagirien lehendabiziko banaketa ekitaldia eta sektore guztietako 231 entitatek eskuratu zuten Ziurtagiria. Orduz geroztik ibilbide luzea egin da eta dagoeneko ia 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta 40.000 langile baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Gutiérrezen esanetan, orain dela hamar urteko irizpide berarekin jarraitu behar da indarrak batuz eta biderkatuz: "Azken aldian maiz entzuten da hizkuntza-biziberritze prozesuetan liderrak behar ditugula, erreferenteak diren pertsonak eta taldeak behar ditugula. Nik ez nuke hizkuntzaren biziraupena balizko erreferente batzuen esku soilik utzi nahi, konbentzituta bainago denok izan gaitezkeela lider. Gure ingurune hurbiletik hasita, denok izan gaitezke iritzi-sortzaileak, motibatzaileak, eredugarriak, eraginkorrak, eragileak, konprometituak..."

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin