Abiatzear da 'Kuadrillaz kuadrilla euskaraz' ekimena

kuadrillaz-kuadrilla1.jpg

Arabako kuadrilla guztietara euskararen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko Kuadrillaz kuadrilla euskaraz ekimena jarriko du martxan Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Programa aurrera eramateko kuadrilletako euskara teknikariekin eta zenbait enpresarekin elkarlanean ariko da Ziurtagiriaren Elkartea. Izan ere, helburu nagusia Arabako arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea da. Azken batean, hizkuntzaren normalizazioan eragin nahi da modu erakargarri eta parte-hartzailean.

2009ko azaroaren 18an emango zaio hasiera programari, Zuiako kuadrillan egingo den saioan. Kuadrilla guztietan egitaraua antzekoa izango da, baina entitateak eta euskara teknikariak aldatu egingo dira. Izan ere, tokian tokiko errealitateari eman nahi zaio garrantzia eta tokian tokiko testigantzak jaso nahi dira.

Saio guztiak antzerkiarekin hasiko dira. Araban, bertako kuadrilletan eta haietako arlo sozio-ekonomikoan euskararen egoera zein den adierazteko umorez bustitako antzerki lana prestatu du Ortzai taldeak. Antzerkiaren ondotik, kuadrilla bakoitzean euskararen egoera nolakoa den erakusten duten datuak aurkeztuko dituzte tokian tokiko euskara teknikariek. Ondoren, leku bakoitzeko pare bat enpresek euskara euren organizazioetan txertatzeak enpresarentzat nahiz gizarte osoarentzat zein onura dakartzan azalduko dute. Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen egoera oro har nolakoa den eta arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez nolako lana egiten duen esplikatuko du.

Hizlariek amaitu ostean, bertaratutako guztiek hartu ahalko dute parte mahai-inguruan. Saioa amaitzeko, pare bat minutuko azken aipamena egingo dute antzezleek. Horrezaz aparte, saioetara gerturatzen diren guztiek ideien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Proiektu pilotua, lau kuadrillatan

Proiektua pilotua denez, Arabako lau kuadrillatan egingo dira aurtengo saioak. Irekiak eta doakoak dira saioak.

Hona hemen saioen egutegia:

  • Azaroak 18: Zuiako kuadrilla (Zigoitiko zentro soziokulturala - Ondategi)
  • Azaroak 19: Aiarako kuadrilla (Laudiko Lanbide Heziketako zentroa)
  • Azaroak 26: Aguraingo kuadrilla (Asparrengo udaletxea - Araia)
  • Abenduak 1: Arabar Errioxako kuadrilla

Amaierako saioa Gasteizen

Kuadrillaz kuadrilla euskaraz ekimenaren amaierako saioa Gasteizko Artiumen egingo da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren urteroko ekitaldi nagusiaren barruan, abenduaren 14an. Gonbidatu bereziak izango dira bertan.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin