Zarauzko 29 entitate euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak sortzen

Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak elkarlan hitzarmena berritu dute arlo sozioekonomikoan eragiten jarraitzeko

BAI_Euskarari_Ziurtagiria_1200x600.jpg

Euskaraldian murgilduta gaudela aprobetxatuz, Zarauzko Udalak herrian euskararen erabilera eta sustapena egiten duten enpresa eta erakundeen lana aitortu nahi izan du Bai Euskarari Ziurtagiriaren hitzarmena sinatzeko ekitaldiarekin. Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrez, Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta Euskara zinegotzia izan dira ekitaldian, Bai Euskarari Ziurtagiria duten zenbait entitatetako ordezkariekin batera.

“Zarauztarron hiru laurdenak gara euskaldun, baina euskara jakitea ez da nahikoa, ezinbestekoa da euskarak bizi-indarra izatea, eta horretarako erabili egin behar da”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak. “Edozein unetan, edozein tokitan, edozein jardueratan euskaraz egiteko aukera izatea oso garrantzitsua da. Euskarak behar ditu guneak, lurraldeak, herriak non bizitzako funtzio guztiak euskaraz betetzea posible gertatzen den. Horietako bat Zarautz izan daiteke, zalantzarik gabe”, gehitu du alkateak.

Rober Gutiérrezek eskerrak eman dizkie bereziki Zarauzko Udalari eta urte hauetan Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuaren "orbitan" lanean ari diren bidelagun guztiei. Nabarmendu du "lan munduan euskaraz eroso aritzea estrategikoa" izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan. Bestetik, aipatu du "garrantzitsua" dela "administrazioek, enpresek, langileek eta kontsumitzaileek hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea. Eta,horretaz gain, elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da adostasuna zabaltzea, erantzukizuna partekatzea eta adostasunetatik etorkizuna eraikitzea".

Duela 17 urte hasi zen Bai Euskarari elkartearen eta Zarauzko Udalaren arteko elkarlana eta urte guzti hauetan zehar, herriko enpresa ugarik eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. 2022. urtean, herriko 29 entitatek lortu edo berritu dute euren ziurtagiria eta lanketa horretan, Udalarekin daukan lankidetza hitzarmenaren baitan, Bai Euskarari Elkartearen aholkularitza jaso dute. Aitortza ekitaldi hau baliatuz, 2023. urterako hitzarmena ere berritu dute bi erakundeek.

Hauek dira 2022. urtean Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu duten Zarauzko entitateak:
 
1.    Andere Produktu Profesionalak
2.    Asti Pinturak
3.    BIOARARTEKO Landa-Ingurumen zerbitzuak
4.    Blasenea Mintegi Ekologikoak     
5.    Borda Ardoak
6.    Chapucetti Diseinuak     
7.    Eguzki Taberna
8.    Ekia pentsioa
9.    EKOLIO Olio Birziklapena
10.    Etxabe Confort     
11.    Euskadiko Halterofilia Elkargoa
12.    Gipuzkoako Ur Kontsortzioa - Zarautz
13.    Harrespil Hilerri eta Hileta Zerbitzuak S.L.
14.    Inmobiliaria Orio Txoko Txiki S.L.
15.    Iruretagoiena Harategia - Kukulu
16.    LAB – Langile Abertzaleen Batzordeak – Zarautz
17.    Laguntasuna S.Coop.
18.    Laia Janari Denda
19.    Lizardi lanerako arropa-denda
20.    LURBERRY Fruitu txikien landare mintegi ekologikoa
21.    Martiarena zapategia
22.    Mendizabal Kinkila Denda
23.    Orizar Burdindegia S.L
24.    Oteitza Lizeo Politeknikoa
25.    Solozabal Autoeskola – Zarautz
26.    Talai Berri Txakolindegia
27.    Tropela Informatika eta Euskara Elkartea
28.    Ulacia bidaiak S.L.            
29.    Zarauzko AEK euskaltegia

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin