Aditu, Elhuyarren hizketa-ezagutzaile elebiduna, erabilgarri online

Elhuyarrek bere hizketa-ezagutzailea aurkeztu du gaur Donostian, Tabakaleran egin duen ekitaldian: Aditu.

Audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko plataforma bat da Aditu, Elhuyarreko I+Gko lantaldeko ikertzaileek garatua punta-puntako teknologia erabiliz.

Aditu elebiduna da, eta gaztelaniazko nahiz euskarazko transkripzioak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik nahiz zuzenekoetatik. Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak, nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak (EITB, RTVE, Youtube, Facebook, Instagram…) prozesatu ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan). Eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora-markekin ere eska diezaiokegu, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez.

Plataformak berak, gainera, ediziorako interfaze bat du, Adituk automatikoki sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko.

Aditu aditu.eus webgunean bertan erabil daiteke, baina aukera ematen du beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko ere, bezeroen beharretara egokitu ahal izateko.

Guztiz konfidentziala da sistema, eta malgua, bezeroen aplikazioetara egokitu ahal izateko, haien datuak modu seguruan eta berme osoz kudeatuz.

Aditu hizketa-ezagutzailea eremu askotan aplika daiteke, eta bereziki erabilgarria da lau hauetan:

  • Ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorea: dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak…
  • Administrazio publikoa: udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasotzeko
  • Pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza: 4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotika, elkarrizketa-agenteak eta laguntzaile birtualak, dei-zentroak…
  • Irisgarritasuna: diktaketa-sistemak…

Informazio gehiago, aditu.eus-en.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin