“Ni banax Arabakoa”

Igone Martinez de Luna - Arabako Foru Aldundia

IgoneML-Lazarraga-BaiEuskarari.jpg

Arabako Foru Aldundiak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin batera alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko lan egiten du, Lanabes - Araban Euskara Lanean bezalako egitasmoen bidez. Azaroaren 24an Lazarraga Sariak banatu ondoren, Foru Aldundiko Igone Martinez de Lunarekin (Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua) izan gara ekitaldiaren balorazioa eta aurrera begirako erronkak ezagutzeko. 

 

2016ko Lazarraga sariak igarota, zein da Arabako Foru Aldunditik egiten duzuen balorazioa?

Arabako Foru Aldunditik balorazio ona egiten dugu, sari hauek hasiera batetik lurraldean daukagun errealitatea irudikatzen laguntzen digutelako, enprese- tan euskararen presentzia eta erabilera zertan den sumatzeko bide egokia delako. Sariketan egon zen ordezkaritza ikusita, mugimendua badela esan ge- nezake, inoiz baino aberatsagoa eta kopurutsuagoa izan da.

Arabako gizarte euskalduna eta arlo sozioekonomikoa ordezkatuta ikusi genuen ekitaldian. 50 hautagai baino gehiago, sektore ezberdinetako erakunde eta enpresak, errealitate gero eta euskaldunago baten isla.

Hala da, aurreko urteetan egin den lan isilak bere bidea egin du eta gero eta euskaldunagoa den gizarte hau aipatzen dugunean esparru sozioekonomikoan ere antzeman behar da, izan ere, arabarrok lanean ere hainbat ordu ema- ten ditugu eta horietan euskaraz egiteko aukera eta gogoa badugula ikusten ari gara. Sektore bati bakarrik ez dagokio hobekuntza hau, orokorragoa dela esango nuke, adin tartearekin lotuagoa agian, 45 urtetik beherakoen artekoak adibidez.

 

Bilakaera ikusirik, nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Etorkizunari begiratzeko hankak lurrean jarri behar ditugu eta atzera begiratuta baloratu behar da herri moduan egiten ari garena. Oso baikorra naiz, izatez ere halaxe naizelako, baina uste dut gure lurraldeak baduela besteek ez dutena, ilusioa eta proiekzioa, ikusten ari gara gizartea gero eta elebidunagoa dela, posible dela lan munduan ere euskaraz bizitzea, aukerak badaudela eta, batzuek dioten bezala, sektore hau, lan munduarena, estrategikoa izateaz gain, beharrezko dugula egunaren heren bat bertan ematen dugu-eta.

 

Nolako Lazarraga sariak nahiko zenituzke 2018rako?

Aurten izan diren antzekoak, hainbat sektoretako enpresa ordezkari ugari bertaratuta, lan munduko lan-talde indartsu baten lidergoaren babespean eta herri erakundeen lankidetza ondoan dutela. Aurten poza eta ilusioa sumatu ditut sariketaren ondoren, etorri den jendea harro ikusi dut; eragile, proiektu handi baten partaide eta kide bezala harro. Asko poztu gaitu.

 

Arabako Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari da euskara arlo guztietara hedatzeko, eta bereziki arlo sozioekonomikora. Lanabes egitasmoaren sorrera lan horren erakusle da?

Bai, dudarik gabe. 2014ko Lazarraga sarietan sortu zen Lanabes egitasmoaren lehenengo ernamuina, hautagai batek proposatu zuenean enpresak elkarren artean harremanak eta elkar ezagutza izatea komenigarria litzatekeela. Gure helburuetan arlo sozioekonomikoan eragitea beharrezko zela bagenekien, baina ez genekien zein bide izan zitekeen onena. Proposamen hau jaso eta mahaiaren bueltan hainbat eragile bildu ondoren, Lanabes egitasmoa martxan jarri eta bere bidea egiten ari da. Hasiera baino ez da, eragile gehiago behar ditugu sektore guztietara iristeko, lankidetza ezinbestekoa izango da, askotariko lidertza lortu beharko genuke, askoren beharra izango dugulako, egiteko asko dagoelako.

 

Zeintzuk izango dira Lanabes egitasmoaren datozen urteetako akzio eta estrategia nagusiak?

Lanabes egitasmoak hiru urterako plan bat egina du hiru atal ezberdinetan. Lehenengo atalean. Lanabes ekimena gidatu duen taldeari segimendua eta zabalkundea ematea izango da, ordezkaritzarik egokiena identifikatu, aliantza berriak bilatu eta lankidetzak adostu. Bigarren atalean, Arabako sektore sozioekonomikoa euskararen erabileraz sentsibilizatzea da lehentasuna. Eta hirugarren atalean saiatu behar gara era guztietako entitateak eta pertsonak inplikatzen, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko. Horretarako sareak landu eta dinamizatu egin behar ditugu, hitzarmenak sinatu enpresa, administrazio eta hezkuntza munduko eragileen artean lan-praktikak euskaraz bideratu ahal izateko. Era berean, lehentasunezkoa da guretzat Administrazioaren lidergoa eta eredugarritasuna lantzea, zehar lerrotasuna.

 

Arabako Foru Aldunditik nola sustatuko eta bultzatuko duzue Lanabes egitasmoa?

Lanabes egitasmoaren sortzaileak eta partaideak garen neurrian Aldundiaren zerbitzuetan haren berri ematea dagokigu, gizartean bezalaxe, baina askoren egitekoa da hori, denoi dagokigu sortu berri dugun erramintaren berri ematea. Lehentasunetan ikusi dugun moduan hari mutur asko dauzka esku artean dugun gaiak, arlo sozioekonomikoa eguneroko zeregin ugaritan nabaritzen, baliatzen eta bizitzen dugulako. Horregatik, geure etxetik hasita, Aldundiaren egiteko horiek identifikatu eta hobekuntzak proposatzea dagokigu.

 

Aurrekontuen negoziazioarekin ari zareten honetan, enpresa mundua euskalduntzeari begirako partidak handituko al dituzue?

2017an aurtengo partidari eutsiko zaio, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteari, euskara enpresatan sustatzeko. Lanabes egitasmoaren bitartez.

 

Aurreikusi al duzue elkarlanean beste egitasmo batzuk martxan jartzea?

Elkarlana hitz gako errekurrentegia izan ohi da, aldiz, ez da txikikeria ondo bideratzea... Badakigu, ordea, funtsean zer egin behar dugun: elkar eraginean jarri erakunde, elkarte eta enpresa ordezkaritzak helburu partekatuetan.

Beste bide batzuk ere badira gure zerbitzuetan, diru laguntza deialdien bidez Euskararen Foru Zerbitzuan. Adibidez, aspalditik gabiltza Laneki elkartearekin lanean eta bere proiektua diru laguntza horren bitartez babesten dugu. Merkataritzan eta ostalaritzan ere Giro Onean programa martxan da, baina beste bultzada bat eman beharko diogu Arabako ekoizleengana iristeko eta dauzkaten beharretan laguntzen jarraitzeko.

 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Enpresarean kudeatzen du eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka. Horrelako egitasmoak lagungarriak izan al daitezke Arabarako?

Zergatik ez? Aurretik ikusi egin beharko da Gipuzkoan egokia dena ea Araban ere funtzionatzen duen, zein indar, zenbat enpresa dauden Araban euska- raz lan egiten, zenbatekoa den daukagun euskaldun profesionalen sarea. Uste dut egitasmo ederra izan daitekeela, baina aurrelana egitea ezinbesteko ikusten dut, neurrira egokitzeko.

 

Arabako Foru Aldundia eredugarria izan behar da gizartearen eta arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean. Norabide horretan akzio konkretuak aurreikusten dituzue?

Uste dut Arabako Foru Aldundia bere bidea egiten ari dela, batzuen ustez ez da nahikoa izango, baina dauzkagun baliabideekin aurrera goazela esan beharra daukat. Bosgarren plangintzaldia da Aldundiak euskara plana duela onartua, bitartean, etxeko lanak egiten ari gara. Halere, arlo sozio-ekonomikoa da esparru bezala atzeratuena dagoena beste lurraldeetan ere; gurean ere halaxe da.

 

Baikortasunetik eta itxaropenetik, azken urteotako bilakaera ikusirik, nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Itxaropentsu, esan dizut lehenago ere, Ni banax Arabakoa diogu gaurko arabarrok ere, gure haurrak eta gazteak euskaldun datoz, euskaldun ikusten dute bere burua, eta nagusiagoak garenok bidea erraztu behar diegu euskaraz bizi daitezen.

Araban ez da inoiz moztu haria, mataza egitea dagokigu orain, hasi etxean eta eskolan, segi kalean eta lanean, ni banax Arabakoa. 

 


Lazarraga Sarien kronika eta elkarrizketa gehiago Bai Aldizkarian.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin