Belaxe itzulpen zerbitzuak 25 urte bete ditu. Zorionak Bai Euskarari Ziurtagiridunari!

Imagen_1.png

Belaxe itzulpen zerbitzuak, Bai Euskarari Ziurtagiridunak, 25 urte bete ditu; 25 urte kalitatea, profesionaltasuna eta gertutasuna eskaintzen. Zorionak eta urte askotarako!

Belaxek arreta berezia eskaintzen dio euskararen normalizazioari eta "Zerbitzua eta lana euskaraz" ziurtagiria du, Bai Euskarari baieztagarrietatik mailarik altuena.

Gaurkoan, 25 urtemuga dela eta, taldearen mezua ekarri nahi izan dugu gurera:

 

Bezero eta bidelagun guztioi, eskerrik asko!!!

 

Belaxe itzulpen-zerbitzuak 25 urte bete ditu 2016an! Erraz esaten da, baina euri eta elur dezente egin du 1991tik hona.

Mende laurdeneko historia apur bat egitearren, ekar dezagun gogora gaur egungo Europako hainbat herrialde (Estonia, Lituania, Ukrainia, Moldavia, Georgia...) orduan sortu zirela estatu gisa, urte hartan bertan desagertuko zen Sobietar Batasunetik bereizita.

Gure artean, euskal kulturak On Jose Miguel Barandiaran antropologoa galdu zuen, baita Gabriel Zelaia eta Lino Akesolo idazleak ere. Euskal kirolak, berriz, gozatu ederra hartu zuen Miguel Indurainek bere lehen Frantziako Tourra irabazi zuenean.

Eta, urte hartan, nork eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen kataluniar funtzionarioek nahitaez jakin behar zutela katalanez. Tamalez, euskarak ez zuen orduan, eta oraindik ere ez du, katalanaren normalizazio-maila, ez gizartean ez erakunde publikoetan.

Dena dela, euskararen normalizazio-bidean ia hamar urte lehenago (1982an) onartu zen Euskararen Legeak hainbat eskubide onartu zizkigun euskaldunoi, eremu publikoan euskaraz bizi ahal izateko (edo saiatzeko, behintzat), besteak beste: dokumentu publikoak, jakinarazpenak, kaleko bide-seinaleak, mezuak eta halakoak bi hizkuntzetan argitaratzea.

Legeak eta erakunde publikoak ez ezik, eremu pribatuko norbanako, enpresa eta erakunde askok eta askok ere erakutsi nahi izan dute, urteotan, gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko jarrera, euren argitalpenetan (memorietan, publizitate-liburuxketan, karteletan…) euskara eta gaztelania pare-parean jarriz. Horrela, elebitasunak eta, horrekin batera, itzulpengintzak lekua irabazi dute gure artean urtez urte. Eta, zer esanik ez, Internet eta mundu digitala nagusi dugunetik.

Horregatik, 1991n, irakasle-ikasketak amaituta Eskoriatzako Irakasle Eskolan itzulpen-masterra egiten ari ziren hiru emakume gaztek erabaki zuten ez zutela irakaskuntza lanbidetzat hartuko, baizik eta euskararen normalizazioaren bidean artean behar bezala estali gabe zegoen zerbitzu hura: itzulpengintza eta interpretazioa. Eta halaxe jaio zen Belaxe, Ondasun Erkidegoa.

25 urte hauetan koskortuz joan da Belaxe. Hamar bat laguneko lan-taldeak (bazkideak eta lankideak barne hartuta) euskarazko testugintzan dihardu egunez egun, bezero dituen era guztietako erakunde, enpresa, kooperatiba, talde eta partikularrentzat. Eta zerbitzua ez da euskarara mugatzen; aitzitik, beste hainbat laguntzaile ditugu inguruan, beste hizkuntza batzuetako itzulpenak eskaintzeko, tartean ingelesa, frantsesa, portugesa, katalana, galiziera, alemana eta italiera.

Egoitza nagusia eta zuzendaritza Arrasaten baditugu ere, Belaxeko itzultzaile gehienok sarean egiten dugu lan, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak erabiliz. Izan ere, Belaxek beti baliatu izan ditu azken teknologiak bere bezeroekin lan egiteko, eta haiei azkartasuna (hortik datorkio Belaxe izena), erosotasuna eta, azken finean, zerbitzu-kalitatea eskaintzeko.

Horrela igaro ditu 25 urte Belaxek. Adin polita pertsonentzat, baina baita enpresa-proiektu ororentzat ere. Eta, 25 urteotan, sendotu egin da Belaxe, gero eta profesionalagoa eta eraginkorragoa bihurtuz. Espero dugu datozen 25 urteotan ere bide beretik joatea. Baina kapitulu hori beste batzuek idatzi beharko dute, bigarren belaunaldia ere iristen hasi baitzaio Belaxeri.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin