Hamabi urte nituen Euskararen Legea onartu zenean. Garai hartan, euskaraz hitz solte batzuk baino ez nituen ezagutzen. Ordutik, eraldaketa nabarmena izan da. Bai eta lan munduan ere… Baina, legeak eraginda?
Gizarte-erabilera arautzen duen kapituluan xedatutakoaren arabera, herri-aginteek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko, herritarrek jarduera guztiak euskaraz garatu ahal izan ditzaten. Urte hauetan, enpresa ugari ohartu da euskaraz lan egiteko urratsak emateak euren negozioak aberasten dituela, pertsonen motibazioa handitzen duela. Produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeak negozio-aukerak handitzen dituela, bezeroarengandik hurbil kokatzen dituela, horiek fidelizatzeko eta berriak lortzeko aukera dela. Lehiakorrago izaten laguntzen die euskarak. Bai Euskarari duten enpresak aztertuta eta euskara-planen mapa begiratuta, agerikoa da egoera zailenetan ere enpresa askok beren funtzionamendua euskalduntzeko eta zerbitzuak zein produktuak euskaraz eskaintzeko ahaleginari eutsi diotela. Urtez urte gainera, enpresa berriak gehitzen joan dira bide horretan, euren borondatez, legeak ez baitie horrelakorik eskatu.
Aurrera begira, zein da gure seme-alabei utzi nahi diegun joko-zelaia? Alor sozioekonomikoan euskara bermatuko bada, legea garai berrietara egokitu behar da. Marko berriak zehaztu beharko lituzke enpresetan ezagutza eta erabilera bermatzeko helburuak, zereginak, epe zehatzak, baliabideak eta jarraipenerako mekanismoak. Lanean ari diren pertsonen eskubideak babesteko neurriak finkatu eta kontsumitzaile zein erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ere bermatu beharko lituzke. Horretarako, elkarlana eta koordinazioa behar dira, praktika eta diskurtso koherenteak eta eraginkorrak zabalduko badira. Euskaraz lan egin/ saldu/ erosi/ sortu/ ikertu/ berritu/… nahi duten pertsonei egoki erantzun behar zaie, justiziakoa eta eskubidezkoa baita pertsona orok bere hizkuntza erabiltzea gizarte-bizitzako hartu-emanetan.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin