Klika! sistema eragilean

lujanbio-mujika.png

Beste behin, lekukoan gordetako mezuak bukaera bikaina eman dio Korrikari. Maialen Lujanbiok osatu du aurtengo edizioko mezua eta euskarak guztion beharra duela aldarrikatu du: "Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi".

Bai Euskarari Elkartean aspaldion diogun moduan, euskararentzat eremuak sortzeko, norbanakook, herri mugimenduak, erakundeak... denok norabide berean aritu behar dugu, elkarlanean eta ilusioz.

Hemen Korrikaren mezua osorik:

21. Korrikaren mezua

Euskara gaur egun arte,

ta Gasteizaino KORRIKA,

ekarri dugunoi: biba,

gora, eutsi, goza...

 

...KLIKA!

Hizkuntza ez da edukitzekoa.

Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika.

 

Beraz, KLIKA!

Instalatu eta elika!

Euskara, ez da euskararen

gauzetarako aplikazioa.

Euskarak behar du

herri honen Sistema Eragilean.

Memoria handiko lur honen

hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa.

 

Euskara, bestelakoa baita...

Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa.

Bestelakoa eta besteak bezalakoa.

 

Baina besteekiko badu alde bat:

euskarak dena du aurka;

eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!

Dena baitu sortzeko, euskarak,

ia dena du-eta sortzeke.

Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke.

 

Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna.

...

Hala ere, korrika egiten dugu.

...

Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek,

alderdi politikoek, komunikabideek...

korrika gabiltzala...

...

Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan

oinez gabiltzanean...?

 

Ikusiko da... ea euskara

arreta osoan gaur den,

bihar erdi, etzi laurden,

ta laster berriz al gauden

azkentasunetan aurren.

 

Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz.

Korrika egiten dugu,

Euskal Herria eta elkar ezagutzeko.

 

Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko.

 

Egin, eragiteko.

Eragin, eginarazteko.

Norbanakoak egin.

Herri mugimenduek eragin.

Erakundeek eginarazi.

 

Egin, eragin, eginarazi.

 

Aukerak eskaini eta euskara eskatu.

Datozenei ere eman euskaran ostatu

eta eskertu

eta ospatu.

 

Gu elkartzen gaitu zer ospatuak.

Gu, eta Gu honen baitako Gu-ak:

 

Umeak, gazteak, helduak, zahartuak...

Ahoskera berri eta zarratuak.

 

Zuek eta haiek,

zakurrak, katuak...

Sardeak, mantalak, gigak eta datuak.

Azalak, ahotsak...

 

Sei kontinenteetan sakabanatuak,

Sei kontinenteetatik guganatuak.

 

Arnasgunekoak, oxigenatuak.

 

Erribera idortu ta mahats zanpatuak...

...elebesteratuak.

eta neskenegunak eta zapatuak.

 

Euskaraz sortuak

eta euskararatuak.

 

Mundu bat euskarak,

mende erdia Euskara Batuak,

eta ehunka milaka bizitza eta gogo

EUSKARAK BATUAK.

 

Maialen Lujanbio Zugasti

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkinak

josu mendia tainta 2019-04-21 18:25

nire iruzkina da : euskaldun berria naiz , korrikaren mezua irakurri dut eta erdia edo edo laurdena edo gutxiago ulertu dut . itzulpen on bat behar dut . Nire inguruan ez dut aurkitzen Maialenen mezua ongi ulertzen duen pertsona . Eta ulertu gabe, zer itxaron duzu , ezer ez . Beti bezala haiek mundo batean daude eta geienak veste mundo batean . Pena handia du



Iruzkina egin