"Lehiatzen ez den lehiakortasuna: gure gaitasuna"

MARI JOSE ARANGUREN ORKESTRAko zuzendari nagusia

 

Ikerketaren esparrua goitik behera ezagutzen du Mari Jose Arangurenek, Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren zuzendariak. Deustuko Unibertsitatean dute egoitza, lurraldearen lehiakortasunera eta garapenera bideraturiko ikerketa eraldatzaileen fabrika berezia. 

 

Deustun, Orkestran, zure etxean. Zer egiten duzu hemen?

Momentu honetan zuzendaritzan nago, ikerketa proiektuen kudeaketan lan egiten dut eta ekipoari garapenean zehar egon daitezkeen arazoei aurre egiteko laguntza eskaintzen diot, estruktura horizontal batetik. Esan beharra daukat oso polita dela zuzendaritzan egotea eta misioa lortzen ari garela ikustea, baina ikertzen jarraitzea eta proiektuetan parte hartzea ezinbestekoa da niretzat. Zuzendaritza postua eskaini zidatenean, hori izan zen baldintza, kudeaketa lana ikerketa lanarekin orekatzea,  alegia. Ni ikertzailea naiz eta ikerketak zertan diren jakin beharra daukat.

Lehiakortasuna vs. lehia?

Lehiakortasunaren kontzeptuak nahiko ospe txarra dauka, badirudi lehiaz ari garela. Guretzat, ordea, lurraldearen gaitasunari egiten dio erreferentzia, denon artean etorkizun hobea eraikitzeko aukerari.

Prestatuak dauden pertsonak izateko gaitasuna, balio erantsia eskaintzen duten produktuak eta zerbitzuak ekoizteko gaitasuna.... horrek guztiak garapen ekonomikoa ekarriko digu, enplegua, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera emango digu; gaitasun hori guztia da guretzat lehiakortasuna.

Nola izan lehiakor?

Bide kolektiboa da, euskal gizartearena. Lurralde bakoitzak bere garapen ereduak zehaztu behar ditu; horrek eskatzen du modu parte-hartzaile batean nolako etorkizuna nahi dugun definitzea eta horren araberako adierazleak identifikatzea. Proaktiboak izan behar dugu eta irudikatzen dugun hori lankidetzan eraiki behar dugu. Noski, horretarako, denon konpromisoa ezinbestekoa da.

Badugu indizerik lehiakortasuna neurtzeko?

Lehiakortasunaren azken txostenean indize ekonomiko batzuk definitu genituen, baina badaude beste batzuk gizarte kohesioarekin lotura dutenak (pobrezia tasa, langabezia tasa...); ez dira bakarrik datu ekonomikoak, baizik eta emaitza horiek nola banatzen diren gizarteko kideen artean. Askotan alor bereiztu bezala lantzen ditugu eta oso garrantzitsua da bisio sistemikoa lantzea, garapen ekonomikoa gizarte kohesioarekin lotuta ulertzea.

Gaur egungo sistemarekin, bide onean goaz?

Gure esku dago. Testuinguru globalizatu oso berezia dugu; kasu batzuetan ez dugu gaitasunik eragiteko, batez ere, mundu mailan hartzen diren erabakietan; baina badugu gure garapenean eragiteko gaitasuna duen euskal sistema bat: politikak egiteko aukera dugu, berrikuntza bultzatzeko gaitasuna dugu, autonomia fiskala dugu... Badaude gure etorkizunean eragiteko aukera ematen diguten hainbat elementu. Noski, horrek eskatzen du gutako bakoitzak norbanakoen ongizateaz arduratzeaz gain, gizartearekiko konpromisoa izatea eta auzolanean pentsatzea.

Ikerketa eraldatzaileetan adituak.

Institutu bezala ikerketa eraldatzailean sinesten dugu, bai. Gure misioa ez da ezagutza sortzea soilik, baizik eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna, garapena eta ongizatea hobetzeko baliagarria den ezagutza izatea. Benetako eraldaketa emateko oso inportantea da, hasieratik, erronka duen aktorearekin elkarlanean abiatzea ikerketa, metodologia ezberdinak erabiliz. Adibide on bat da Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera martxan jarritako prozesua, legealdi berrirako programari zuzenduta dagoena. Lurraldea lau eremutan banatu dugu eta bakoitzaren errealitatearen diagnosia egin ondoren, aktore jakin batzuekin maila ezberdinetako garapenerako erronkak finkatu ditugu. Hori horrela izanik, Foru Aldundiak zona bakoitzaren beharren eta estrategiaren araberako programa prestatu dezake.

Horrenbeste entzuten dugun eraldaketa teknologikoaren aurrean, non gelditzen da gizartea?

Transformazio guzti horren atzean pertsonak daude; digitalizazioaren eraldaketarekin pertsonen egitura, harremanak, etab. aldatzen dira eta teknologia bere horretan ez da ezer pertsonon erabakirik gabe. Horregatik, oso garrantzitsua da ikustea berrikuntza ez dela bakarrik eraldaketa teknologikoa. Askotan, enpresa atean, adibidez, berrikuntza askoz hobea etorri daiteke pertsonen antolaketa eredua aldatzetik. Teknologikoa ez den berrikuntzari, sozialari, aitortza handiagoa eman behar diogu.

Digitalizazioaren prozesuaren inguruko lehen azterketa argitaratu berri duzue. Nolakoa da teknologiaren egoera eta erabilera Euskal Herrian?

Bost zutabe aztertzen ditugu: lehenik, azpiegitura edo konektibitateari dagokionez, oso garatua agertzen da EAE. Bigarrenik, pertsonen gaitasunei erreparatuta, oinarrizko gaitasunak ditugula ikusi dugu, baina hainbat profil espezializaturen gabezia antzeman dugu. Ondoren, erabilerari loturiko hiru zutabe daude; etxeko erabilerari dagokionez, teknologia aisialdirako erabiltzen dela ikusi da, eta ez horrenbeste salerosketarako. Enpresa munduan, osagarri moduan erabiltzen da, baina gutxik txertatzen dute negozio propio bezala, beraz, industriaren digitalizazioan pauso handiak daude emateko. Bukatzeko, administrazio publikoak plataforma asko sortu ditu azken urteotan gizartearekin harremanetan jartzeko, baina ikusi dugu herritarrei oraindik kosta egiten zaiela horiek erabiltzea.

EAEko lehiakortasunari buruzko 2018ko txostena argitaratu duzue.

Hala da, urriaren 10ean Gasteizen. Gainera, nabarmendu nahiko nuke lehiakortasunaren behatokia aurkeztu dugula. Orkestrak, beste eragile batzuekin lankidetzan, sorturiko plataforma da, ikerketa eta konparaketarako indize eta datuak modu irekian partekatzea helburu duena. Guretzat beharrezkoa da errealitate eta aktore ezberdinetako ikerketak sustatzea eta horiek garatzeko baliabideak  eskaintzea; izan ere, horrela, gizarte mailan erabakiak hobeto hartzeko ahalmena izango dugu.

Zein balio behar dira lehiakortasuna garatzeko?

Aurretik esan bezala, lehiakortasuna ez da helburua, baizik eta gaitasun kolektiboa, inklusiboa eta eutsigarria. Lehenik eta behin, oso inportantea da balio kooperatiboak izatea, hau da, helburu pertsonalez gain, erronka kolektiboak betetzeko konprometituta egotea. Bigarrenik, ekintzailetasuna dago, edonon jarrera proaktiboa hartzea eta guztion artean etorkizunerako hoberena den hori eraikitzea. Azkenik, esfortzua beharrezkoa da, etengabe saiatzea, erronkei aurre egiteko konstantzia izatea.

 

MARIJOSE ARANGUREN ENPRESAREAN AZOKAN

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin