Euskaragiletu programa: lan munduaren euskalduntzean urratsak emateko

Euskararen normalizazioan aurreratuta dauden enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresa batzordea. Enpresa horien esperientzia gertutik ezagutzeko eta euskalduntzean urratsak ematen hasteko Euskaragiletu programa jarri du martxan Kontseiluak.

Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko abagune aproposa bizi dugu eta Kontseiluak Euskaragiletu egitasmoa jarri du martxan. Dagoeneko euskalduntze-prozesu aurreratuak dituzten enpresen eta euskararen normalizazio-prozesuan urte luzez murgildutako enpresen esperientziaz mamitzeko eta euskaragiletzeko aukera ematen du programak.

Euskara plana hobetzeko edo sortzeko asmoa duten enpresei edo euskalduntzean zailtasunak dituzten enpresei begirako proiektua da. Enpresa horiek Euskaragileak diren enpresetara bisitak egingo dituzte eta esperientzia hori baliatuko dute, ondoren, beren enpresetan euskararen normalizazioan bide egiten hasteko.

 

Bi bisita mota

Enpresa motaren araberako bisitak antolatuko dira. Enpresak bi multzotan banatu dira: A multzokoak, euskara plana badutenak, eta B multzokoak, euskara-plana ez dutenak. Euskara-plana duten enpresek errealitate horretatik pasa diren beste enpresa batzuk ezagutuko dituzte eta esperientzia trukaketa horretan laguntza eta aholkuak jasoko dituzte. Euskara-plana ez duten enpresek euskaragileen normalizazio-prozesuaren onurak eta etekinak ezagutuko dituzte, ondoren, nahi izanez gero, prozesu horri ekiteko.

A multzokoen bisitek 2:30 orduko iraupena izango dute.  Euskaragile den enpresaren euskara-planaren lanketa eta bilakera ezagutuko dituzte, besteak beste. B multzokoen bisitak pittin bat laburragoak izango dira, 2:15 ordu iraungo baitute. Euskara-planak sakontasunean ezagutu ordez, bisita hauetan, planaren onurez  hitz egingo da.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza du proiektuak.

Bi bisitetako bat egiteko aukera aprobetxatu nahi duenak, formulario honetan eman dezake izena:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin