Rober Gutiérrez: “Euskaraz lan egitea eta zerbitzuak euskaraz eskaintzea dira denon erronkak”

Bai Euskarari Elkarteak arlo sozioekonomikoan euskara sustatzea du helburu nagusia eta, bide horretan, profesionalei eta enpresei balio gehigarria eskaintzea

 

BEGOÑA MARTÍN . DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA

Enpresarean.eus berritu du Bai Euskarari Elkarteak, euskal enpresa eta profesionalentzako ataria. Berrikuntza ugarirekin aurkeztu dute: Enpresarean TB, zuzenekoak, bideoak nahieran, albisteak, profesionalen sare eta agenda... euskal enpresa eta profesionalen sarea indartzeko helburuarekin.

Zein enpresa motak erabiltzen du Enpresarean.eus webgunea? Zein arlotan lan egiten dute (zerbitzuetan, industrian...)

Izaera eta tamaina guztietako entitateak eta profesionalak ari dira parte hartzen hasieratik Enpresarean proiektuan, sektore guztietakoak: zerbitzuak, finantzak, industria, merkataritza, formazioa... Esperientzia eta ibilbide luzeko profesionalak edo ekintzaile gazteak. Horren adibidea da antolatutako foro, jardunaldi edo azoketan parte hartu duten enpresen eta profesionalen aniztasuna. Besteak beste, Enpresarean osatzen duten entitate batzuk dira: SPRI, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Adegi, Elkargi, Mutualia, Orkestra, unibertsitateak eta Puntueus.

Orain dela gutxi, webgunea berritu duzue. Profesionalen behar berriei erantzuteko asmoz?

Gogoratu nahi dut Bai Euskarari ziurtagiria kudeatzen dugula eta ziurtagiridunek ikustarazten digutela alor sozioekonomikoan zenbait hutsune eta gabezi daudela euskaraz lan egin ahal izateko. Euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen kopurua gora doa eta horiei baliabideak, tresnak eta proiektuak eskaini behar zaizkie. Enpresareanen ere, 2012. urtean sorturiko ataria berritzeko beharra ikusi dugu, diseinu eta funtzionalitate aldetik erabiltzailearen interes berrietara egokitzeko. Enpresarean edozein motatako enpresei eta profesionalei bideraturiko atari irekia da, elkarlanerako plaza publiko gisa aurkezten dena. Webgunea intuitiboa da eta profesionalek bilatzen duten hori erraz eta azkar topatuko dute. Berehalakotasuna eta edukienak partekatzeko erraztasuna dira webgunearen ezaugarri nagusiak. Izan ere, euskal profesionalek ekitaldi, ikastaro, hitzaldi eta abarren berri emateko aukera izango dute eta, ondoren, horien kronikak edo bideo laburpenak argitaratzeko aukera ere. Gainera, berritasun garrantzitsu bezala, Enpresarean TB atalean, zuzenekoak emateko aukera izango dute enpresek.

Zeintzuk dira webgunean Euskal Herriko profesionalek bilatzen dituzten zerbitzurik erabilenak?

Orain arte, berrien atala eta ekitaldiena izan dira erabilienak;alde batetik, enpresa sareko edozeinek zabaldu zitzakeelako albisteak eta, bestetik, Enpresarean Azoka eta foroen oihartzunagatik. Aurrerantzean, enpresa munduko albisteekin eta foro zein azoken kronikekin batera asmoa da Enpresarean TB eta agenda profesionala ere sustatzea eta indartzea, euskal profesionalen sareari eduki interesgarria eskaini eta harremanak areagotzen laguntzeko.

Zeintzuk dira sarean parte hartzen duten enpresek lortzen dituzten ekarpenak?

Azpimarratzeko modukoa da euskal profesionalek komunitatean parte hartzen dutela. Beste enpresa eta profesional batzuekin harremanetan egongo direla, negozioak egiteko aukerak handitu daitezkeela. Bestetik, enpresek eta profesionalek aurkituko duten ekarpen nabariena euskara da. Edukiak, hitzaldiak, formazio saioak, foroak etab. euskaraz “kontsumitzeko” aukera izango dute, bai eta bestelako enpresekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera ere. Eta ez hori bakarrik;enpresentzat erakuslehioa ere izango da, euren albiste, ikus-entzunezkoak, ekitaldi presentzialak, agenda... zabaltzeko aukera izango dutelarik. Baina, esan bezala, euskara da eramango duten balioa, euskaraz lan egin ahal izatea eta bezeroei zerbitzuak euskaraz eskaintzea baitira denon azken erronka.


Deskargatu elkarrizketa hemen.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin