Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa da Ziur, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako ekimen publikoa, zibererasoen aurrean industria arloko enpresen eta haien produktuen edo zerbitzuen babesa indartzen laguntzeko. Maria Penilla zuzendariak elkarrizketan azaldu duenez, zibersegurtasuna Gipuzkoako enpresa industrialentzat funtsezko erronka da.
Zer da Ziur eta zein da zuen egitekoa?
Ziurren egitekoa da Gipuzkoako enpresa industrialei zibersegurtasunari dagokionez laguntzea, beren arriskuak kudeatzeko eta sistema eraginkorrak ezartzeko. Aholkularitza eskaintzen dugu, baita prestakuntza tailerrak, sentsibilizazioa, eta zibersegurtasunari buruzko ikerketa eta esperimentazio zerbitzuak ere. Gure helburua da enpresengandik hurbil egotea, beren zalantzak argitzeko eta behar duten babes maila eskaintzeko.
Pandemiak zer eragin izan zuen zibersegurtasunean?
Pandemiak eragin handia izan zuen. Etxetik lan egiteko beharra sortu zenean, enpresa askok telelana ezarri zuten, baina azkar eta prestaketa egokirik gabe. Horrek zibersegurtasunean ahulguneak sortu zituen, eta hackerrek aukera hori aprobetxatu zuten hainbat eraso egiteko. Guk, pandemiaren ondoren, enpresekin lan asko egin dugu zibersegurtasun politika berriak ezartzen, sistema eta datuen babesa sendotzeko. Pasahitz seguruak erabiltzea, sistemak eguneratzea, eta zerbitzuak modu egokian konfiguratzea funtsezkoak izan dira.
Zeintzuk dira gaur egun enpresek dituzten mehatxu handienak?
Gaur egun, arriskurik handienak mehatxu masiboak dira, adibidez, phishing erasoak edo ransomware. Ziber-lapurrek masiboki bidaltzen dituzte birusak edo erasoak, eta enpresa batean sartzean ez dakite enpresa hori handia edo txikia den; euren helburua dirua azkar lortzea da. Hori dela eta, datuen eta sistemaren babesa etengabe berrikusi behar da, eta horretarako inbertsioak egin behar dira urtero. Baina zibersegurtasun totala ez da existitzen; beti dago arrisku bat, eta horretarako prestatu behar gara: zer egin behar dugu eraso bat gertatzen denean? Lehen orduetan hartutako erabakiak funtsezkoak dira.
“Erabilpen arduratsua eta etikaren zaintza ezinbestekoak dira AArekin lan egiten dugunean”
Zer garrantzia du langileen formakuntzak zibersegurtasunean?
Langileen formakuntza oso garrantzitsua da. Askotan, erasoak ez dira teknologia hutsezkoak izaten, baizik eta giza faktoreak tartean sartzen dira, eta langileek ez badakite zer mezu diren fidagarriak edo zer arrisku ekar dezaketen, arazoak sortzen dira. Formakuntzak enpresako per-tsona guztiei laguntzen die zibersegurtasunaren oinarrizko printzipioak ulertzen, eta nola jokatu behar duten eraso baten aurrean jakiten. Mezu arriskutsuak identifikatzea, fitxategi edo esteka susmagarriak ireki aurretik aztertzea eta datuen babesa zaintzea ezinbestekoak dira.
Adimen artifiziala zibersegurtasunean nola erabiltzen duzue?
Adimen artifiziala (AA) tresna oso indartsua da zibersegurtasunean. Gure zentroan aspalditik erabiltzen dugu gure soluzioak hobetzeko, erasoak azkarrago detektatzeko eta gure babes sistemak indartzeko. Baina, era berean, hackerrek ere tresna hau erabiltzen dute. Gaur egun, AA-rekin mezu faltsuak edo erasoak sortzea oso erraza da, eta gero eta profesionalagoak dira. Mezuak, bideoak eta ahots grabaketak hain ongi eginda daude, ezen erabiltzaileek benetakoak direla pentsatzen baitute. Gainera, hackerrek gero eta gutxiago behar dute trebakuntza; AA-rekin birusak sortzea eta erasoak egitea oso erraza da.
Zein dira adimen artifizialaren mugak zibersegurtasunaren arloan?
Adimen artifiziala tresna boteretsua da, baina baditu mugak, batez ere etika arloan. Europako araudi berriek teknologia horren erabileran mugak ezartzea eskatzen dute, baina AEBetan beste bide batetik doa eboluzioa.
Teknologia berriek aukera handiak eskaintzen dituzten arren, arriskuak ere badituzte, eta kontziente izan behar dugu nola eta zertarako erabiltzen ditugun. Erabilpen arduratsua eta etikaren zaintza ezinbestekoak dira AArekin lan egiten dugunean.
“Pasahitz seguruak erabiltzea, sistemak eguneratzea, eta zerbitzuak modu egokian konfiguratzea funtsezkoak izan dira”
Nola ikusten duzu euskararen egoera zibersegurtasunean eta adimen artifizialean?
Euskara zibersegurtasunaren arloan erronka ederra da. Orain arte, euskarazko mezuak hackerrek ez zituzten ulertzen, baina azkenaldian euskaraz idatzitako mezu faltsuak ere ikusten hasi gara. Euskarak bere lekua izan behar du teknologia berrietan; bestela, arriskua dago eremu horretan desagertzeko. Euskarak momentu honetan bere tokia gorde behar du, eta hori erronka bat da, baina baita aukera bat ere. Gizarte gisa kontzientzia hartu eta gure hizkuntza teknologia honetan sartzeko ahalegina egin behar dugu.
Arlo honetan talentua erakartzea ezinbestekoa izango da ezta?
Gaur egun, enpresei laguntzeko talentua funtsezko gaia da, eta horretan aritzen gara aktiboki lanean. Unibertsitateekin, Lanbide Heziketako zentroekin eta beste hezkuntza-erakunde batzuekin lankidetzan ari gara, eta merkatuaren beharretara egokitzeko programak eta formakuntza eskaintzen laguntzen diegu. Egunero hurbiletik jarraitzen dugu industriaren bilakaera, enpresen beharrak ezagutuz eta zentro horiekin lankidetzan dihardugu behar horiek asetzeko moduko konexioak ezartzen.
Gero eta gehiago eskatzen dira profil mixtoak, adibidez, enpresa industrialetan. Langileek ezagutza zabalagoa behar dute, bai informatikaren arloan, baita lege arloan ere. Zibersegurtasunaren eta adimen artifizialaren garrantzia gero eta handiagoa den mundu honetan, beharrezkoa da pixka bat denetik jakitea, eta horretarako, unibertsitateek eta prestakuntza zentroek beren graduak eta programak egokitu behar dituzte.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin