Elikadura eta kontsumoaren esparruan, kontsumitzaileen ohiturak etengabe aldatzen ari dira, eta horrek erantzun bizkorrak eta sortzaileak eskatzen ditu. Unai Sardón Eroskiko Berrikuntza irekiko zuzendariak elkarrizketan azaldu digu nola txertatzen dituzten teknologia berriak, hala nola adimen artifiziala, bezeroaren esperientzia pertsonalizatzeko, logistika optimizatzeko eta iraunkortasunaren aldeko apustuetan.
Berrikuntza Irekiko zuzendaria zara Eroskin. Zein leku du berrikuntzak zuen erakundean, zertan diharduzue arlo horretan?
Eroskirentzat, berrikuntza funtsezko zutabeetako bat da; izan ere, gure bezeroen beharretara aurreratzeko modua ematen digu, eta horrela ingurunera egokitzen joaten gara, etengabe aldatzen baitoa.
Gure berrikuntza arloan, fronte bat baino gehiagotan dihardugu: erosketa esperientziaren pertsonalizazioa, ominkanaltasuna, efizientzia eta ekonomia zirkularraren bidezko iraunkortasuna. Gainera, start-up-ekin lankidetzan ari gara zenbait programatan; besteak beste, Eroski Venture Programen. Programa horri esker, eskuz esku dihardugu proiektu berritzaileak lantzen, balioa eman dezaketenak esaterako logistikaren eraginkortasunean eta soberakinen kudeaketan.
Gure gogoa da aitzindariak izaten jarraitzea teknologiak txertatzeko orduan eta gure barne prozesuak optimizatzen joatea; horien artean gure bezeroen esperientzia.
Zein leku du adimen artifizialak Eroskin?
Adimen artifiziala gero eta inpaktu handiagoa izaten ari da gure jardueraren zenbait eremutan. Eroskirentzat hiru alderdi giltzarri dira adimen artifizialaz dihardugula. Lehena da bezeroaren arreta, eta hor alderdi bat baino gehiago esploratzen ari gara; besteak beste, laguntzaile birtualak, erosketak modu efizienteagoan planifikatzen eta egiten lagun dezaketenak. Esate baterako, aurten, berritzailea den laguntzaile bat ezarri dugu Eroskiren webgunean, adimen artifizial sortzailean oinarrituta. Laguntzailea gauza da hizkuntza naturalarekin (ahotsa eta testua) erantzuteko bezeroen galderei; adibidez, produktuak bilatu, maiz egiten diren galderei erantzun edo errezeta iradokizunak egin.
Bigarren aplikazioa barne optimizaziorako da; adibidez, prozesuak automatizatzen ditu, eta denbora uzten digu gure langile taldeak balio handiagoko zereginetan jardun daitezen.
Hirugarren bideak, berriz, gure langile taldeen produktibitatean dihardu: tresnak sortzen ditu soluzio teknologikoak arinago garatzeko.
“Start-up-ekin dugun lankidetza Eroskiren berrikuntza ekosistemaren oinarria da”
Eta sektorearen balio katean, zein inpaktu du?
Gure kasuan, jada ari gara adimen artifiziala erabiltzen produktuen eskariak iragartzeko eta gure logistika optimizatzeko. Izango diren beharrei aurrea hartzea (bai stock aldetik eta bai bezero arretaren aldetik) funtsezkoa da eraginkortasunean hobetzeko. Gainera, adimen artifiziala eskaintzaren pertsonalizazioan aplikatuta, harreman zuzenagoa eta hurbilagoa izango dugu gure bezeroekin.
Nola irudikatzen duzu etorkizuneko supermerkatua, edo bezerohornitzaile harremana?
Etorkizuneko supermerkatuan gero eta garrantzi handiagoa hartuko du erosketa esperientzia omnikanalak, non teknologia funtsezkoa izango den gure bezeroak ahalduntzeko. Gure denda fisikoak ingurune digitalarekin integratzea eta gure bezeroei erosketak era malguan egiteko modua ematea, izan dendan eta izan edozein gailu mugikorretatik. Alde horretatik, plataforma berriak aztertzen ari gara; adibidez Whatsapp aplikazioa, bezeroek gero eta gehiago erosketak komeni bezala eta modu eskuragarrian egin ditzaten.
Pertsonalizazioa giltzarria izango da, bezero bakoitzaren beharretara egokitutako gomendioekin. Erosketa esperientzia esanguratsuagoa, arinagoa eta komenigarriagoa sortzea bilatzen dugu, gure bezeroen espektatibei zehaztasunez erantzungo diena.
“Etorkizuneko supermerkatua omnikanala izango da, non denda fisikoak eta inguru digitalak guztiz integratuta egongo diren”
Harreman horretan zerbitzua euskaraz jasotzea bermatua egon dadin, zer erreminta/praktika bultzatu daitezke?
Eroskin zenbait tresna eta praktika inplementatu ditugu, euskararen erabilera harreman gune guztietan sustatzeko. Ekimen nagusietakoa gure Euskara Plana da. Horrekin, gure asmoa da ingurune elebidunak sortzea, bai gure dendetan eta bai gure plataforma digitaletan, bezeroek ama hizkuntzan jarduteko modua izan dezaten. Gainera, ekimen batzuk garatu ditugu euskara normalizatzen laguntzeko gure bezeroenganako, langileenganako eta hornitzaileenganako harremanean. Horren adibide bat da gure markako produktuen etiketa euskaraz egotea eta aitzindariak izan gara horretan.
Beste adibide argi bat da online egindako erosketetako laguntzailea, adimen artifizial sortzailean oinarritua dagoena. Laguntzaile horrek hizkuntza naturalaren prozesamendua darabil, eta dagoeneko euskaraz integratu dugu, gure bezeroarekin ditugun elkarrizketak ama hizkuntzan egiteko aukera izan dadin. Hala, jarraitzen dugu euskararen normalizazioarekin dugun konpromisoa indartzen gure harreman guztietan, izan fisikoetan eta izan digitaletan.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin