Euskaraldia aurkeztu da

2017-11-23-PHOTO-00000477.jpg

Bilbon aurkeztu da gaur Euskaraldia, Arriaga Antzokian izan den prentsaurrekoan. Hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Euskaraldiaren sustatatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariek. Horien artean dago Bai Euskarari Elkartea. Beraien izenean hartu dute hitza Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak; Paul Bilbao, Kontseiluko Idazkari nagusiak; Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun euskaltzaleen elkarteko kideak; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordeak; eta Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak.

Antolatzaileek azaldu duten modura, ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez da zorizkoa izan. Azaroaren 23a aukeratu dute, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita Euskal Herri osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimena. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Gaur aurkeztutako ekimenak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute Euskaraldia aurkeztu duten eragileek.

Zer da Euskaraldia?

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izango ditu.

Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.

Euskal hiztunen aktibazioa helburu: ‘11 egun euskaraz’

Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da.
Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean urtebete barru egingo den gizarte ariketa prestatzeko.

Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Hala ere, une honetan 40 herritik gora, tartean zenbait hiriburu, datorren urteko Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daudela aurreratu dute sustatzaileek, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela azpimarratu dute.
Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.

“Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu dugu, elkarlanean martxan jartzeko eta herritarrei formazioa eskaintzeko denbora behar delako. Elkarlanean, euskararen sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen, eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia”. Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea

Euskaraldiaren aurrekariak

Euskaraldia ez da hutsetik abiatu. Azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du segida azken urte eta erdian. Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitako bidea.

Ekimen guzti horietan euskaltzaleek izandako protagonismoa azpimarratu dute Euskaraldiaren antolatzaileek, herri ekimen sendoak sortu baitira antolakuntzaren inguruan. Gainera, orain arteko esperientzia guztietan balorazioak onak izan dira, bai partaideen bizipenetan eta hizkuntza ohituren aldaketan izandako eraginagatik, baita euskaltzaleen aktibazioak ekarritako herri dinamikengatik ere.

“Gizartea pertsonen bilgunea dela kontuan hartuta, pertsonok gaitasuna dugu gizartean aldaketak eragiteko. Gure portaerek edota gure jarrerek gizartea aldatzeko edota baldintzatzeko gaitasuna dute, eta, beraz, hizkuntzari lotzen bagatzaizkio, gure hizkuntza-ohiturek ere gaitasuna dute gizartean aldaketak eragiteko“. Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua

Era berean, azken urteetan Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan sortutako Euskarak 365 egun dinamika hedatu eta zabaldu egin dela ere azaldu dute antolatzaileek. Herritarrak aktibatu eta elkarlan dinamika berriak sortzeko helburuz abiatutako lan ildoak hizkuntzaren erabileran proposamen praktikoak egiteko norabidea hartu du.
Gaur aurkeztutako ekimenak, berriz, 2017ko maiatzean Lasarte-Orian egindako Udaltop topaketan Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako proposamenean du abiapuntua. Maiatzetik aurrera, eragile instituzional eta sozialei aurkeztu zaie proposamena eta beren ekarpenei esker garatu da. Helburu bikoitza izan dute hartu-emanek. Batetik, dinamika sakonago aurkeztu eta zalantzak argitzea; eta, bestetik, ekarpenak jaso eta 2018ko ekimenean parte izateko gonbidapena luzatzea.

Harreman horiei esker, Euskal Herri osoko instituzio eta eragileak sartu dira ekimenaren sustatzaile taldean, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Nafar Institutua, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde PublikoaEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Soziolinguistika Klusterra, beste askoren artean.

“Euskaraldiaren pertsonaia nagusiak herritarrak izanen dira. Halere, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua da: bakotxarena eta molde guzietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan diten, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetarik. Bide horretan gure engaiamendua adierazi nahi dugu.” Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea

Erabileran eragitea helburu

Aurtengo udan aurkeztutako VI. Inkesta Soziolinguistikoa eta VII. Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketaren emaitzek emandako testuingurua baliatu dute antolatzaileek Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia azaltzeko. Azken neurketek baieztatu izan duten elementuetako bat izan da euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen doazela Euskal Herriko inguru ezberdinetan. Euskaraz hitz egiteko gai den gero eta jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero gehiago dira. Bi datu horiek azpimarratu dituzte ekimenaren sustatzaileek, eta euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daudela nabarmendu nahi izan dute.

“Nafarroan, egoera soziolinguistiko desberdinak ditugu, jakina denez. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egitasmoak arrakastatsuak izateko, egoera hauei egokitu behar zaizkie. Euskararen aktibazioa, modu erakargarri eta positiboz eraginez.” Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria

Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzeko ekimen honek, Euskaraldiak, testuinguru horretan jokatuko du. Helburu horiek lortzeko hiztunei formazioa eta ahalduntze tresnak eskaintzea garrantzitsua izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Lasarte-Orian 2016an egindako aktibazio ekimenean ikerketa egin zutela azaldu du Ttakun elkarteko ordezkari Naiara Mujikak. Tresna zehatzak eskainita, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hurbileko harremanetan euskararen erabilera nabarmen haztea posible dela erakutsi zuen ikerketak. Antolatzaileek azaldu dute datorren urteko Euskaraldian ikerketa euskararen eremu osora zabalduko dela.

Elkarlana oinarri

Elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute gaur ekimena aurkeztu duten eragile guztiek. Azken hilabeteetan hizkuntzaren normalizazioaren bueltan ari diren erakundeek behin eta berriz nabarmendu dute elkarlanaren beharra, eta Euskaraldia elkarlan hori gauzatzeko aukera paregabea dela azaldu dute. Euskal Herri osoan ematen hasi den elkarlanerako dinamika hau herriz herri ere gauzatzea bada Euskaraldiaren helburua.

“Azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan aldarrikatu dugu. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke” Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Antolatzaileek nabarmendu egin dute mota guztietako entitate eta erakundeek euskarazko hizkuntza praktikak eta harremanak bultzatzeko eta babesteko duten funtzioa. Izan ere, azaldu dutenez, euskarazko harremanek hiztunen hautuaz gain, testuinguru egokiak ere behar dituzte, beraz, entitateen funtzioa Ahobizi eta Belarriprest izango direnen izen-ematea bultzatzeaz gain, beren funtzionamenduan euskarazko harremanetarako espazioak sortzea eta praktika hori errazteko neurriak hartzea ere badela gogorarazi dute.

“Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan” Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

Eta horrekin batera, herritarrek beren harremanetarako hizkuntzak aldatzeko duten gaitasuna ere azpimarratu dute, eta horrek, era berean, gizartean aldaketak eragiteko duen ahalmena.

Sustatzaileak

Ondorengoak dira Euskaraldiaren herriz gaindiko sustatzaileak:

  • AEK
  • Arabako Foru Aldundia
  • Artez Euskara Zerbitzua
  • Bai Euskarari Elkartea
  • Berria taldea
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • EHU
  • Elhuyar
  • Elkar Fundazioa
  • Emun
  • Eudel
  • Euskaltzaleen Topagunea
  • Euskararen Erakunde Publikoa
  • Eusko Ikaskuntza
  • Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Hizkuntz Eskubideen Behatokia
  • Ikastolen Elkartea
  • Irrien Lagunak
  • Kontseilua
  • Nafarroako Gobernua – Euskarabidea
  • Sortzen
  • Soziolinguistika Klusterra
  • Tokikom
  • Uema
  • UEU

 

*Iturria: www.euskaldia.eus

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin