“Lehen hitzak balio handia du”

Euskaraz kontsumituz, Gasteizko euskararen mapa osatuko dugu

lehen-hitzak-balio-handia-du-kanpainaren-aurkezpena_38283365561_o.jpg

Bai Euskarari Elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri du Gasteizen, Gasteizko Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri izango dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea.

“Gasteizko euskararen mapa” da proiektu honen muina. Bai Euskarari Ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dugu, euskarazko kontsumoa

errazagoa izan dadin. Era berean, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak mapan gehitzera animatu nahi ditugu, euskara negozioan txertatzeak dituen onurak

ikustaraziz. Beraz, alde batetik, euskarazko kontsumoa sustatuko dugu kontsumitzaileen artean eta, bestetik, euskarazko eskaintza areagotzea bilatuko du pixkanaka handitzen joango den Gasteizko euskararen mapak.

Gehitu zaitez mapara!

Une honetan ehun establezimendu inguruk osatzen dute Gasteizko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi ditugu. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: “Zerbitzua eta lana euskaraz”, “Zerbitzua euskaraz” eta “Euskararen bidean”. Establezimenduek dagokien mailaren adierazgarri bat jasoko dute, kontsumitzaileei Gasteizko euskararen maparen parte direla erakusteko.

Bezeroei euskaraz egiteko gonbita

Euskararen erabilera erraztu nahi dugu Gasteizko establezimenduetan eta, horregatik, horietan lanean ari diren pertsonei bereizgarri bat erabiltzea proposatuko zaie. Horren bitartez, kontsumitzaileak euskaraz egitera gonbidatuko dira.

Bi eredu egongo dira: euskaraz lan egiteko gaitasuna dutenek soinean “Euskaraz?” bereizgarria eramango dute, bezeroak jakin dezan euskaraz aritu daitekeela berarekin. Bigarren eredua, “Euskaraz? Poliki, mesedez” izango da, ikasten

ari diren saltzaileentzat edo euskaraz aritzeko erabateko segurtasuna ez duten langileentzat. Bi kasuetan, helburua izango da kontsumo harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea.BALIO

Kontsumitzailea bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia

Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini.

Zergatik kontsumitu euskaraz?

• Zure harreman-hizkuntza delako

• Konfiantza eskaintzen dizulako

• Kalitatearen ikurra delako

• Jasangarria delako

• Gertutasuna eskaintzen duelako

• Euskaraz erosi, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi duzulako

Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini, esate baterako, Gasteizko euskararen mapa, baduzu.eus eta akuilari aplikazioak.

Merkataria bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia

Gasteizko euskararen mapa osatzeko eta merkatariei gehitzeko gonbita zabaldu nahi dugu, euskara txertatzeak onura anitz dituela frogatuz eta prozesua errazteko baliabideak eskainiz.

Merkataritzan, zertarako euskara?

• Markaren posizionamendua hobetzeko

Bezeroarekiko gertutasuna eta konfiantza sortzeko eta sendotzeko

• Bezero kopurua handitzeko eta fidelizazioa indartzeko

• Merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko

• Talde kohesioa eta motibazioa bizkortzeko

• Produktu /zerbitzu lehiakorrak eta kalitatekoak izateko

• Euskaraz bizi eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazteko

• Lurraldearen eta pertsonen ongizatea hizkuntzekin / euskararekin ere lotzeko

Humedal Informatik, Ttilika arropa denda, Etxabe Harategia eta Martinez Rementeria farmacia

Kanpaina Gasteizko lau negozio hauetatik abiatu da: Humedal Informatik, Ttilika arropa denda, Etxabe Harategia eta Martinez Rementeria farmazia. Kanpainaren protagonistak eta bakoitzaren egoera ezagutu nahi izan dugu, euren bizipenen bidez, Gasteizen euskara merkataritzan gehitzea oso aberatsa izan daitekeela erakusteko.

Izan ere, gure protagonistek jarrera positiboa erakutsi dute egitasmo honen eta negozioaren euskalduntze prozesuaren aurrean. Martinez Rementeria farmaziako ordezkariek aitortu digute kanpaina honetan sinesten dutela eta euskararen sustapenerako pauso garrantzitsua izango dela; era berean, gehitu dute bezeroaren aurrean euskararen balioa argia dela eta farmazian bide beretik jarraitzeko asmoa dutela, ezagutza eta erabilera areagotzeko pausoak ematen.

Ttilikan ere, Iñigo de Marcosek adierazi du horrelako saiakerak beharrezkoak direla bai merkatarientzat eta bai kontsumitzaileentzat ere. Bai Euskarari Elkartearen laguntza eskertzen du, Gasteizko pertsona asko bezala, euskaldun berria delako eta poliki-poliki egunerokotasunean euskara erabiltzea lortzen ari delako; fruituak ikusten ditu eta horrek motibatzen du. 

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin