Kaixomaitiak “Euskal herritarren harreman sexual eta afektiboei buruzko online inkesta anonimoa” martxan jarri du

Kaixomaitia.eus-ek, Euskaldunon Harremanetarako guneak, 9 urte beteko ditu igande honetan San Balentin egunarekin eta urteurrenaren karira erlazioen inguruko ikerketa eta gogoeta sustatu nahi dute

Kaixomaitiak, 2007an sortutako Euskaldunon Harremanetarako Guneak, 2015eko abenduan berritu zuen proiektua eta webgunea eta oraingoan, 9. urteurrenaren karira online inkesta anonimo bat jarri du abian Euskal Herrian bizi dugun egoera sexual / afektiboa eta iritziak  zein diren ezagutu eta horren inguruan gogoeta egiteko helburuarekin. Galdetegia otsailaren 12-tik apirilaren amaiera bitarte osatu ahal izango da euskara, gaztelera eta frantsesez eta kaixomaitiaren webgune eta sare sozialetan egongo da eskuragarri.

Inkesta 18 urtez gorako euskal herritarrei zuzendua dago eta erantzunen anonimotasuna bermatuko da; SurveyMonkey inkestarako plataforma bidez egingo da eta ez da ez izenik ez eta IP helbiderik jasoko. Gutxienez 1000 erantzun espero dituzte, emaitza fidagarriak izateko lagin sendo bat behar dutela azpimarratu baitute. Era berean, Aztiker Ikergunearen aholkularitza teknikoarekin garatu dute inkestaren diseinua eta jasotako emaitzak elkarte honekin batera aztertuko dituzte.

73 galderako galdetegia 8 minututan bete daiteke eta harremanen gaia hainbat ikuspegietatik jorratzen du: egoera afektiboa, sexuala, harremanak eta internet, leialtasuna, etab. Galdera batzuk apur bat pertsonalak izan daitezke eta, segur aski, askori zail egingo zaie erantzutea; baina, horixe da helburua, jendeak tabuak utzi eta bakoitzaren errealitatea zein den partekatu eta ezagutzea, aipatu anonimotasunaren bermearekin.

Laburbilduz, Kaixomaitiak Euskal Herrian ditugun zenbait mito eta aurreiritzi baieztatu edo ukatu nahi ditu; jendearen bizipenak eta iritziak jaso, aztertu eta partekatu.

Ongi bidean, behin behineko emaitza batzuk martxo erdi aldera zabalduko dituzte eta behin betiko azterketaren emaitzak maiatza amaieran prest izatea espero dute.

Zoriontsuak al gara euskal herritarrok maila afektibo / sexualean? Euskal Herrian nahikoa sexu harreman ditugu? Onartuak al daude amodio erromantikotik urruntzen diren harreman motak? Nolako harremanak ditugu eta nolakoak izatea gustatuko litzaiguke?

Erantzuna laster…

#KM_SEXUINKESTA

INKESTARA JOATEKO SAKATU -> http://goo.gl/iVVIGg

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin