Abizen egokiaren garrantzia

Bai Aldizkariaren 15. zenbakirako kolaborazioa

walino.jpg

Bidaia luze baten amaieran abiapuntura iritsi gara. Izaten dira horrelako bidaiak, abiapuntua helmuga dutenak. PuntuEUS domeinuarena ere horrelakoa izan da, abentura baten hasierarekin amaitu den bidaia luzea.

Kataluniak 2006. urtean PuntCAT domeinua abiatzearekin batera, Iratxe Esnaolak gurean sustatu zuen euskal hizkuntza eta kulturaren domeinua izateko gogoa eta beharra. Proiektu honen inguruan elkartu ziren hainbat eragile, proiektu honen aniztasunaren adierazgarri diren eragileak, eta zazpi urte luze iraun duen bidaia luze batean abiatu ziren, lan isilaren bidez PuntuEUS proiektua errealitate bilakatzeko ahaleginean. Aurten, bere helmugara iritsi da bidaia luze hori: abiapuntura hain zuzen ere. PuntuEUS guztiontzat eskuragarri bilakatu duen abiapuntura.

Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu zen PuntuEUS domeinua mundu guztiarentzat. Aitzindari eta abiarazte-aldiko faseetan PuntuEUS komunitateko kide izatera pasa ziren lagunekin batera, abenduaren 3an, PuntuEUS domeinua publiko orokorrarentzat eskuragarri zegoela iragarri genuen, bi datu zehaztuz: une horretan 1.292 domeinu-izen genituen aktibo, eta urtea amaitzerako 2.000 izatea espero genuen. Oker geunden: 24 ordu beranduago 2.000ko helburu hori gainditua genuen. Ikaragarria!

Datu esanguratsua da hori, zalantzarik gabe. PuntuEUS domeinuaren beharra eta garrantzia azpimarratzen duen datua. Euskara eta euskal  kulturaren komunitatea Interneten ordezkatu eta indartuko duen abizen egokia izateak gu guztiontzat duen garrantzia nabarmentzera datorren datua.

Interneteko ohiko domeinuek ez bezala, PuntuEUS domeinuak berezko esanahia duelako. EUS laburdurak, eduki semantikoa du bere baitan, euskaraz hitz egiten digu, euskal kulturaz hitz egiten digu, komunitate baten berezitasuna azpimarratzen du, eta gu guztiok, enpresa, erakunde, elkarte eta norbanakoak komunitate horren parte sentiarazten gaitu.

Finean, PuntuEUS horixe baita: Interneten bereizten gaituen puntua.  Muga geografikorik gabeko puntua. Euskara eta euskal kulturaren komunitateari muga guztien gainetik Interneten dagokion berezko tokia adierazten duen puntua.

Milaka gara jada, eta askoz gehiago izango gara datozen egunotan PuntuEUS gure erreferentzia puntu bilakatuko dugunak. Gure bidaia hastera doa.

Ongi etorri PuntuEUS!

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin