Euskara kohesio sozialerako erreminta funtsezkoa da ABB Niessen enpresan

Bai Aldizkariaren 15. zenbakian argitaratutako erreportajea

ABB Niessenek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du

Niessen enpresak 100 urte bete ditu 2014an eta urte berean Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratuta ederto borobildu du mendeurrena. Gaur egun ABB multinazionalaren barruan dago Niessen, eta horrek bereziagoa egiten du nazioarteko egitura erraldoi baten barruan dagoen erakundeak euskararen aldeko apustu sendoa egin izana.

Niessen enpresa Errenterian jaio zen 1914an, Guillermo Niessenek bultzatuta. Sorreratik enpresako arduradunek teknologiaren aldeko apustua egin zuten, zientzia-aurrerapenei asko erreparatuta. Hala, 20ko hamarkada erdian, isolatzeko eta moldeatzeko aproposa den bakelite material berria -osagai elektrikoetarako aproposa- komertzializatzen hasi zenean, Niessenek Espaniako bakelitearen kontzesio esklusiboa lortu zuen. Horrek mekanismo elektrikoen serie berritzaileak garatzeko aukera ezin hobea eman zion, eta enpresa esparru horretan espezializatu zen: lanpara euskarriak, igogailuetarako sakagailuak… Gainera, marka ezagunetarako osagai berezi asko ere ekoizten zituzten. 30eko hamarkadan ia 100 langilek jarduten zuten bertan.

Entxufeetan espezializatutako enpresa hau luzaroan Errenteriako ikur izan ostean, Oiartzungo Aranguren industrialdera pasa zen, eta han jarraitzen du oraindik.

Gaur egun Niessen ABB multinazionalaren parte bada ere, 100 urte pasa dira lanean hasi zirenetik eta osagai elektrikoen esparruan erreferentziazkoa da. Mendeurrena ospatzeko, ‘100 urte ilusioak piztuz’ leloa asmatu zuten, enpresaren eginkizun nagusienarekin lotura zuzena duena.

Luzaroan motibazioa landuta

Euskarak enpresan izan duen bilakaera ez da luzaroan hain agerikoa izan barrura begira lan egin dutelako, baina pauso irmoak eman dira eta orain emaitzak begi bistan daude. Hala, ABB Niessenek jaso berri duen ziurtagiria aurretik modu iraunkorrean egindako lan eskergaren fruitua da.

ABB Niessenek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du

Orain dela 15 urte talde bat eratu zen lan esparruan eta langileen artean euskara indartzeko. Euskara batzordeak motibazioa lantzea jarri zuen helburu. Helburu hori erdiesteko, bertso-afariak, kantuak, txangoak, zozketak, oraindik ere indarrean dauden argazki lehiaketak eta beste gauza asko antolatu zituzten. Horien artean, baita ere, aspalditik Euskara batzordeak kaleratzen duen ‘Nik esan’ argitalpen hiru hilabetekaria. Bertan enpresako langile guztiek idatzi izan dute testurik inoiz, eta euskara ez dakitenen testuak euskarara itzultzen dituzte. Horretan ahalegin handia egiten dute batzordeko kideek. Lan horrek guztiak erraztu du euskararen aldeko jarrera positiboa nagusitu izana.

Baina, motibazioak motibazio, eremu bat harago joateko unea zela otu zitzaion Euskara batzordeari. “Motibazioa oso ondo dago eta oso garrantzitsua da, baina arlo formalago eta eraginkorrago batera pasa nahi genuen; eta bide batez enpresa bera osotasunean euskararen bidean jarri”, gogoratu du Euskara batzordeko kide Txus Alfonsok.

Niessen enpresan ohitura handia izan da betidanik sail desberdinen zereginekin lotutako neurketak egiteko; eta hala gauza normalentzat hartu zuten euskara bera ere neurtu eta prozedura baten barruan hobetzea edo lehenestea.

Beti ere Emun enpresaren aholkularitzak lagunduta, ziurtagiri bat lortzeko lanean jartzea erabaki zuten. “Enpresaren beste esparru batzuetan bezala, ziurtagiriek bermatzen dute arlo guztiei eragiten dieten prozedura arautuak finkatzea”. Hala, enpresak Bikain eta Bai Euskarari ziurtagirien artean, bigarrena aukeratu zuen eta horren bila jo zuten.

Zuzendaritzaren inplikazioa

Behin erabaki hori hartuta, lanean serio demonio jarri ziren eta enpresako sail desberdinetan batzarrak deituta langile guztiak ekimenaren gainean informatu zituzten. Hori egin bezain laster, ziurtagiriaren aldeko lana gidatuko zuen taldea eratu zuten. “Ezinbestekoa izan zen talde horretan enpresako sail guztiak ordezkatuta egotea; eta, zer esanik ez, zuzendaria bera ere inplikatzea”, azpimarratu du Alfonsok.

“Euskal hiztunok garenok badugu konpromiso bat euskararen aldeko ekimenak aurrera eramateko eta enpresaren alorrean ere euskara normalizatzen saiatzeko”, esan du irmo ABB Niessen-eko gerente Iñaki Letek, ziurtagiria lortzeko prozesuan, beste langile batzuek bezala, lanean buru-belarri aritu izan dena.

Eta pozik dago Lete, oso pozik, ziurtagiria jaso izanagatik. “Poz handia ematen digu Bai Euskarari ziurtagiria lortu izana; zer esanik ez, gainera, mendeurrena bete dugun urte berean, guretzat ospakizun hauen baitan mugarria zelako euskararen baitan ere zerbait garrantzitsua adieraztea. Ilusio handia egin digu langile guztioi”.

Langileen guztien poztasuna aipatu du Letek eta badu bere zergatia. Izan ere, euskarak oso onarpen handia du Niessenen baitan eta egiaztatuta dute, motibatzeaz gain, euskarak kohesio handia sortzen duela Niessen osatzen dutenen artean.

Barrura begirako lana

ABB Niessenentzat zaila da enpresaren kanporako alorrean euskara indartzea, berorren merkatuak orokorrean ez direlako euskaldunak. Barrura begira, berriz, presentzia handia du euskarak.  Euskara batzordeak bi urtetik behin egiten dituen neurketetan egiaztatu ahal izan dute langileriaren %50 inguru euskaraz egiteko gai dela eta euskararekiko duten leialtasuna %80tik gorakoa dela. Datuak oso positiboak dira, baina barruan gehiago eragiten nahi dute.
ABB Niessenek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du

Hain zuzen ere, Letek aldarrikatu du Euskal Herriko merkatuari begira zerbait egiterik dutenean, egiten dutela motibazio osoz. “Adibidez, oso argi genuen enpresaren mendeurrenari buruzko liburuak euskaraz behar zuela izan; eta euskaldunak diren bezeroei harrotasun handiz ematen diegu”.

Eta barruko jardunari jarraituta, enpresan erabiltzen dituzten domotikako hainbat elementu euskaratu izan dituzte, baina teknikoki izan dituzten oztopoengatik, ezin izan dute aurrera jarraitu. Hala ere, ez daukate etsitzeko asmoa, eta bilatuko dituzte beste bide batzuk.

Multinazionalaren baitan, aniztasuna

Bestalde, esanguratsua da nazioarteko multinazional baten barruan dagoen enpresa batek euskara lehentasun gisa definitu eta jorratu ahal izatea, merkatuan ezohikoa dena. “Nazioarteko merkatuan lehiatu behar dugun edozein enpresentzat zaila da ingelesa jaun eta jabe den esparruan euskarari leku nabarmena ematea, ez bakarrik multinazionaletan gaudenontzat”. Hala ere, Letek ABBren berezitasun batzuk mahai gainera ekarri ditu: “ABB oso multinazional anitza da, ez dauka hizkuntza bakarreko oinarria eta seguruenik horregatik aniztasuna oso ondo onartuta dago; zerbait positiboa moduan ikusita dago”.

Horrekin lotura, Euskara batzordeko kide Txus Alfonso zein Iñaki Lete gerentea prest daude ziurtagiria lortzeko lan egin nahi duen beste edozein enpresatako kideekin beraien esperientzia partekatzeko.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin