Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hitzarmena berritu dute, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko

zarauzko-ekitaldia.jpg

Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Zarauzko udaletxean. Juan Luis Illarramendi alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko akordioa. 2005ean sinatu zen hitzarmena lehen aldiz eta harrezkero urtero berritu da.

Hitzarmenean jasotzen denez, Udalak 5.547,85 euro bideratuko ditu udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu:

  • Ebaluazioak egingo dituen teknikariari formazioa ematea.

  • Koordinazio eta jarraipen lanak egitea

  • Ziurtagiria duten entitateen fitxak aztertu, zuzendu, maila aldaketa kasuak aztertu eta teknikariari laguntza ematea entitateen beharrak asetzeko. Ziurtagiria duten entitateei ebaluazio fitxa bidali eta jarraipena egitea.

Hitzarmena berritu dugu Zarauzko Udalarekin

41 ziurtagiridun

Gaur egun, 41 ziurtagiridun daude Zarautzen: hiruk dute Zerbitzua eta Lana Euskaraz ziurtagiria; 27k Zerbitzua Euskaraz ziurtagiria; eta 11k Bidean ziurtagiria.

'Lan eta bizi euskaraz' egiteko

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eskerrak eman dizkie Udalari aurten ere Bai Euskararirekin hitzarmena berritu dutelako eta Zarauzko ziurtagiridunei, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko egunero egiten duten ekarpenagatik.

Gutiérrezek gaineratu duenez, “Zarauzko Udalarekin berrituko dugun hitzarmen honek bi erakundeen arteko indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko du”.

Hitzarmen honek euskarari espazio berriak ematen lagunduko diola esan du Gutiérrezek. Izan ere, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da Ziurtagiriaren Elkartearen helburua, euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko espazioak identifikatzea, babestea eta gehiagotara zabaltzea. Rober Gutiérrezek esan bezala, “gure egunerokoan eragina duten espazio guztietan euskarari lekua egitea estrategikoa baita”.

Ziurtagiria dutenei esker ona eman nahi izan die Gutiérrezek: “Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak benetako protagonistak dira, haiek ari baitira euren espazioak euskararekin betetzen. Haiek dira euskararen erreferente eta ereduak, euskara espazio gehiagotara zabaltzen lan eredugarria egiten ari direnak”, esan du.

Era berean, Gutiérrezek gogora ekarri du Ostiralean Bai Euskarari Sarien banaketa-ekitaldian Kike Amonarrizek esandakoa: “Amonarrizek esan zuen aukera historiko baten aurrean gaudela… norabide berean jokatu beharko genuke… Eta horretarako elkarlana behar-beharrezkoa da, gaurkoan Zarauzko Udalarekin sinatzen duguna horren adibide baino ez da. Bide horretan, Zarauzko Udalarekin egindako hitzarmena lagungarri izango zaigu alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko. Lan eta bizi euskaraz egiteko”.

“Bezeroengandik gertuago gaude euskaraz egiten badugu”

Ekitaldia amaitzeko, Zarauzko alkateak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie ziurtagiridun guztiei ekitaldira etortzeagatik eta aipatu du Zarautz “herri euskalduna” dela eta “gero eta euskaldunagoa izatea” nahiko luketela. Gaineratu du, horretarako ezinbestekoa dela “edozein unetan, edozein tokitan, edozein jardueratan” euskaraz egiteko aukera izatea.

Illarramendi alkatearen hitzetan, “merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak garrantzi handia du gure udalerriaren ekonomian ezezik eguneroko bizitzan ere, horregatik berebizikoa da euskarak merezi duen tokia izatea zuen establezimenduetan”.

Euskara erabiltzeak dituen onurak ere aipatu ditu Illarramendi alkateak: “Bezeroengandik gertuago gaude euskaraz egiten badugu, harrera pertsonalizatuagoa eskaintzen diegu, konfiantza handiagoa sortzen da... euskarak abantailak baino ez dizkizue ekarriko”.

Udalaren konpromisoa berretsi du alkateak: “Zarauzko Udala ibilbide horretan ahalegintzen ari zaretenon aldamenean egongo da beti, zuekin batera pausuak ematen, ahal dugun guztian laguntzen. Hori da gure konpromisoa”.

Ekitaldiarekin amaitzeko, familia-argazkia egin dute ziurtagiridunekin batera.

Hitzarmena berritu dugu Zarauzko Udalarekin

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin